Zelan heldu zaizue txupineroak izateko proposamena?
Sorpresa izan da. 2027an 30 urte egingo ditugu, eta, egia esanda, udalari txupinaren kontua proposatzea pentsatuta geneukan, baina aurreratu egin zaizkigu. Oporren aurretik, Kulturako Laurak deitu zidan eta "zuek aukeratu zaituztegu" esan zidan. Durangoko kirolgintzan urteak daramatzagu gure ekarpena egiten, eta hara eta hona gabiltzanetan ere Durangoren izena eramaten dugu. Sorpresaz izateak oraindino bereziago egiten du, gainera.
Modu polita da urteurren ospakizunekin hasteko.
Bai. Borobiltzeko ekitaldia barik, hasiera ematekoa izango da, aurrerago egingo dugun ekitaldi sortaren hasiera. Klubaren 30 urteko jarduna ospatzeko zer egin pentsatzen gabiltza orain.
30 urtean dozenaka jokalari pasatu dira taldetik. Zelan erabakiko duzue balkoira nor igo?
Aforo kontuengaitik ezin gara denok igo, jakina. Beraz, pregoia euskaraz eta gaztelaniaz irakurriko dutenak igoko dira. Ni ere igoko naiz, taldeko presidente legez. Beste gauza batzuetan ere parte hartuko dut egun horretan, eta, beraz, pregoia beste norbaitek irakurtzea proposatu nuen; nire alaba aukeratu dugu, taldean nahikoa denbora darama eta. Emakumezko batek eta gizonezko batek irakurtzea gura genuen. Nik txupina piztuko dut. Aretora dozena bat lagun inguru sartu ahal izango gara; beraz, zuzendaritza taldean gaur egun gabiltzanok sartuko gara. Nire aurretik presidente izandakoak ere gonbidatu ditugu, baita kolaboratzaile izandakoak eta jokalari ohiren bat ere. Kluba eta klubaren balioak ordezkatzen dituzten lagunekin gogoratzen ahalegindu gara.
Denboraldia hasita dago. Zelan konponduko zarete?
Gaur egun zazpi talde ditugu, eta, talde batek ez bada, beste batek jokatuko du. Pentsa, ni presidentea naiz baina A taldearen entrenatzailea ere banaiz. Hori bai, deialdia egin dugu ahalik eta taldekiderik gehien joateko plazara urriaren 10eko goizean, denon artean gu aukeratu izanagaitik dugun poza transmititzeko, eta baita taldearen koloreak ikusgai egoteko ere, jakina. Jaien barruan ere elkartuko gara zeozer egiteko; horrez gainera, txupinero legez zenbait ekitalditan ere parte hartu behar dugu; beraz, taldekideok horietan guztietan elkartuko gara. Guztira, 70 bat lagun egongo gara orain taldeetan. Gazteen kasuan, badakizu, bezperako parrandaren arabera parte hartuko dute edo ez ekitaldietan, baina denok egoten ahaleginduko gara (barrez).
Ez da erraza izango lehia eta jaia uztartzea.
Taldeetariko bi hasita daude lehiatzen. A taldeak, adibidez, domekan jokatu zuen lehenengo partidua; derbia, gainera, Elorrioren aurka. Gure taldeak irabazi zuen, 6-4. Kopa ere jokatu dute, baita jubenilek ere. Emakumezkoen taldea eta B taldea aste bi barru hasiko dira lehiatzen. Hala ere, hile eta erdi daramagu entrenatzen. Egia esateko, jaiek urtero harrapatzen gaituzte denboraldia hasita, eta, beraz, aurtengoa ez da egoera berria guretzat. Ordutegiak zaintzen ahalegintzen gara, partidua Durangon zein kanpoan izan, gazteenak jaira irten ahal izateko. Inoiz partidua barikura aurreratzen ere ahalegindu gara, jaiez ere gozatu ahal izateko.
Dena dela, ez da erraza; ez gara areto futbol talde bakarra Durangon. Horri gehitu behar zaio Tabirako zelaia lanengaitik itxita dagoela, eta bertan jokatzen dutenek Landakora etorri behar izan dute. Eskubaloi eta boleibol partiduak ere egoten dira, baita dantza emanaldiak ere, eta, jakina, denon artean adostu behar ditugu ordutegiak.
Hiru hamarkadatan momentu hobeak eta txarragoak izango zenituzten.
Hazkunde fasean gaudela esango nuke. Euskal Ligan gaude, mailaz igotzeko borrokan. Hirugarren mailan aritu izan gara, eta Bigarren B mailaren parekoa litzatekeenean ere bai. Baina pandemia ondorengo denboraldian, COVIDa dela eta, denboraldia kaos bat izan zen. Pandemia urtean Nacional B mailan jokatzear egon ginen, eta hurrengoan jaitsi egin ginen. Hala ere, hiru-lau denboraldi daramatzagu igotzeko borrokan. Taldekide guztiok lan egiten dugu, gure jokalariek ez dute kobratzen, eta hori igarri egiten da; urte oso batean erregulartasunari eustea oso gatxa da, baina, tira, Durangaldean talde sendo bat izatea dugu helburu.
Zelakoa da futbolaren eta areto futbolaren arteko elkarbizitza?
Txarra dela esango nuke. Guk hitzarmen bat dugu eskola batzuekin gazteak erakartzeko, baina futbol taldeetakoak heltzen direnean, haiekin joaten dira. Bigarren aukera bat gara gu. Guk konpromisoa eskatzen dugu, konpromisoa eta lana. Gazteen kasuan ere, ondo pasatzera datorren jende konprometitua gura dugu. Astean egun bitan entrenatzen gara, eta hirugarrena jokatu beharreko partiduaren araberakoa da. Hainbat talde izatera, kalitate mailaren arabera kokatzen ditugu jokalariak talde batean edo bestean. Nik beti diodan moduan, entrenatzea da gatxena, lan ere egin behar izaten dugulako, eta asteburuetakoa gozatzeko unea da. Lehenengo ahalegindu, gero gozatu. Jubenilak ere baditugu, ez da hain gatxa jubenilak lortzea, baina kadete mailakoak izatea beste kontu bat da; gatxagoa da. Batzuetan, futbolean hasten diren gazte batzuk areto futbolera bueltatzen dira gero, baina ez da ohikoena. Emakumeen kasuan ere antzerakoa da kontua; urte batzuk konplikatuagoak dira, baina orain, adibidez, hamalau neska etorri dira eta talde bat osatzea lortu dugu. Beti gura dugu haztea, klub legez haztea, baina muga batzuk ditugu. Lehen esan dudan moduan, entrenatzea, adibidez, ez da erraza izaten, ez dagoelako nahikoa azpiegitura. Orain, adibidez, talde batzuk Jesuitetan entrenatzen dira. Ez da egokiena, euriagaitik, haizeagaitik... Ea kontua aldatzen den Tabirako kiroldegi berria egiten dutenean. Beteranoen taldea ere sortu genuen iaz; bertan jokatzen dut nik. Jakina, ez gara hain gogor lehiatzen, adin kontuagaitik (barrez). Hori bai, pasioak batzen gaitu.