Durangoko mendi duatloiak laugarren aldia egingo du zapatuan, Mugarra TTk antolatuta

Joseba Derteano

Iaz Ainhoa Marquinezek —erdian— irabazi zuen emakumeetan. Lucia meruelo

Mugarra Triatloi Taldeak Durangoko Mendi Duatloiaren laugarren edizioa antolatu du zapaturako. Tabira parkea izango da lasterketetako erdigunea, eta, aurreko urteetan legez, adin eta maila desberdinetako parte hartzaileei zuzenduriko hainbat proba egongo da egunean zehar.

Goizean, 10:00etan hasita, umeen duatloiak eta duatloi inklusiboa lehiatuko dira. Ondoren, 12:00etan, duatloi herrikoia hasiko da. Proba honetan nobedadeak daude, jende gehiagorengana heldu guran. Batetik, bakarka ez ezik erreleboka ere parte hartu daiteke, lehenengoz. Bestetik, bizikletan asfaltotik baino ez dira ibiliko, mendira sartu barik. Bizikletako tartea laburragoa izango da (6 km) eta BTTagaz, errepideko bizikletagaz zein gravel bizikletagaz egin daiteke, Mugarra TTko Larraitz Caballerok ekimenaren aurkezpenean azaldu zuenez.

Goizeko proba guztietarako izen ematea egunean bertan egin daiteke, Tabiran.

Arratsaldean, 16:00etan, Euskal Herriko Duatloi Zirkuituaren barruan dagoen Durangoko Mendi Duatloiaren laugarren aldia hasiko da. Probak sektore bi ditu: lehenengoa 8,5 kilometroko mendi lasterketa, eta bigarrena 18,5 kilometroko BTT ibilbidea. Proba bakarka zein bikoteka egin daiteke. "Iaz ezarri genuen parte hartzaile kopurua gainditzea espero dugu", adierazi zuen Mugarra TTko Julen Iruarrizagak.

Izaera solidarioa
Ekitaldi osoak izaera solidarioa du. Duatloi herrikoian zein mendi duatloian izena ematen duen parte hartzaile bakoitzeko Mugarra Triatloi Taldeak kilo bat pasta emango dio JAED elkarteari. Horrez gainera, ekimenaren egunean bertan pasta emateko aukera egongo da. 

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Mugarra TTren lana eta balioak nabarmendu zituen aurkezpenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!