Durangok jasangarritasun, berdintasun eta klima irizpideak txertatuko ditu etxebizitza berrien diseinuan

J.D.

Arlo horretako ordenantza Eusko Jaurlaritzak 2022an onartutako dekretu baten irizpideetara eguneratuko dute. 

Atzoko udalbatzarrean, Durangoko Udalak hasierako onarpena eman zion etxebizitzen eta bulegoen eraikuntza arautzen duen ordenantzan irizpide berriak sartzeari. Irizpide horiek jasangarritasunari, genero ikuspegiari eta etxebizitzak klima erronka berrietara egokitzeari buruzkoak dira, besteak beste, udalak ohar batean zehaztu duenez. Horrela, ordenantza Eusko Jaurlaritzaren 80/2022 Dekretuaren eskakizunekin eguneratuko dute. Orain alegazioak aurkeztu ahal izateko epealdia hasiko da.

Berrikuntza nagusien artean, eraikinetako espazio komunen segurtasuna handitzeko irizpideak jasotzen dira, segurtasun eza eragin dezaketen guneak saihesteko, bereziki sarbide eta atarietan, udalak ohar batean zehaztu duenez. Era berean, erantzunkidetasunarekin lotutako printzipioak txertatzen dira, etxebizitzetako espazioen erabilera partekatuagoa eta orekatuagoa errazten duten diseinuak sustatzeko.

Aldaketak espazio komunitarioak sortzea eta hobetzea ere jasotzen du, hala nola bizikletak gordetzeko edo beste erabilera partekatu batzuetarako guneak. "Helburua da elkarbizitza eta mugikortasun jasangarrirako modu berriak sustatzea", adierazi dute.

Ingurumenaren ikuspegitik, ordenantza berriak indartu egiten ditu energia eraginkortasunarekin, eraikinen inguratzailearekin, energia-kontsumoaren murrizketarekin eta etxebizitzen erosotasun termiko eta akustikoaren hobekuntzarekin lotutako irizpideak.

Gainera, proiektu berriek hozte-sistemak txertatzeko aukera aztertu beharko dutela jasotzen da, baita sistema horiek etorkizunean modu egoki eta eraginkorrean instalatzeko aukera emango duten irtenbideak aurreikustea ere. "Neurri horrek azken udako esperientziari eta tenperatura altuko gertakarien aurrean eraikinak egokitzeko beharraren handitzeari erantzuten dio", arrazoitu dute.

Bozketa
Udaleko oharraren arabera, ordenantza eguneratzeko prozesuan EH Bilduk 15 zuzenketa aurkeztu zituen eta horietatik 10 onartu zituzten. Herriaren Eskubideak, berriz, 14 zuzenketa aurkeztu zituen eta horietatik 5 onartu ziren.

Testuinguru horretan, atzoko udalbatzarrean egindako bozketan ordenantza berria EAJ, PSE, EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen aldeko botoekin irten zen aurrera. PP abstenitu egin zen.

Herriaren Eskubideak ohar batean jakinarazi duenez, ordenantza berriaren alde bozkatu zuen "hobekuntzak" dakartzalako eta euren proposamenetako batzuk onartu direlako, baina beste hainbat bidean geratu izana kritikatu du. "Ordenantza berriak dagoena hobetzen du, baina ez da nahikoa", adierazi du Jorge Varela zinegotziak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!