Udako hilabeteetan DurangoBus zerbitzua mantenduko dute Durangon

Anboto

Uztaileko proba pilotuaren emaitzak aztertu ondoren hartu du erabakia Gobernu Taldeak. Guztira, 4.065 erabilera erregistratu zituen. Eskaria nagusiki Madalena eta Tabira arteko konexioan eta 15 urtetik beherakoen artean bildu zen.

Udako hilabeteetan DurangoBus zerbitzua mantenduko duela iragarri du Durangoko Gobernu Taldeak. "Uztailean garatutako proba pilotuak berretsi du badagoela horrelako zerbitzu baten beharra", arrazoitu dute ohar batean. Horrela, zerbitzua 2027ko aurrekontu-plangintzan jasoko dutela aurreratu dute. 

Probaldian 4.065 erabilera baliodun erregistratu ziren; batez beste, 185 erabilera eguneko. Madalena eta Tabira arteko lotura izan zen zerbitzuaren erabilera-ardatz nagusia: bi geltokiek, batera hartuta, erabiltzaileen %84,4 bildu zuten, udaleko datuen arabera. Era berean, erabilera arratsaldeko ordutegian kontzentratu zen nagusiki; egindako bidaien %79,1 tarte horretan egin ziren.

Erabiltzaileen profila kontuan hartuta, 15 urtetik beherakoek 2.890 erabilera egin zituzten, kopuru osoaren %71,1; 16 eta 64 urte artekoek, berriz, 859 erabilera (%21,1), eta 65 urtetik gorakoek 316 bidaia (%7,8).

Eskainitako zerbitzuaren eskaria ez zen berdina izan probaldi osoan zehar. Egun batzuetan 44 erabilera erregistratu ziren, eta beste batzuetan 435 erabileraraino heldu zen kopurua; guztira, bost egunek hileko eskariaren %41,7 bildu zuten. "Aldakortasun horrek erakusten du garrantzitsua dela zerbitzua une eta herritarren behar zehatzetara egokitzea", ondorioztatu dute.

Esperientzia pilotuaren ebaluazioak "hobetu beharreko hainbat eremu" identifikatzeko aukera eman du, "besteak beste, adinekoengana eta mugikortasunean zailtasun handiagoak dituzten beste kolektibo batzuengana zerbitzua gehiago iristea eta tarteko geltoki batzuen funtzionamendua berrikustea".

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak azaldu duenez, DurangoBus “udalerriko mugikortasun ereduan zerbitzu osagarri gisa ulertu behar da”. Ildo horretan, gogorarazi du zerbitzuaren azterketa "2023-2027 Gobernu Planean jasota" zegoela. Elkoroiriberen esanetan, esperientzia pilotuak “beste urrats bat suposatzen du zerbitzua Durangoren eta bertako herritarren benetako beharretara nola egokitu daitekeen ezagutzeko”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!