Gaztetxeko kideen berbetan, Santurtzikoa "azken hilabeteetako bortizkeria polizialaren kasurik gordinena" da. Berbaldia auziari "ahotsa emateko" eta zapatu honetan, urriak 3, Santurtzin egitekoa den manifestaziora deitzeko baliatuko dute. Mobilizazioak 12:30ean irtengo du Kabiezeseko plazatik.
Taser pistola auzitan
Ekainaren 22an, Santurtziko udaltzaingoak Ander S.T. 30 urteko gaztea atxilotu eta immobilizatu zuen, lurrean. Auziak polemika handia piztu du Santurtzin eta Ezkerraldean, udaltzaingoak Taser pistola erabili zuelako gaztea, jada lurrean zegoela, immobilizatzeko. Handik egun bira hil zen santurtziarra, Gurutzetako ospitalean. Justizia Anderrentzat plataformak auzia ikertzeko eta beharrezko ardura guztiak mahai gaineratzeko eskatu du ordutik. Poliziaren bortizkeria ere salatu dute, eta "gezurretan" ibiltzea ere leporatu izan diote Santurtziko Udalari.