Oxabi taldeak Landako Gunean ospatuko du bere 20. urteurrena

J.D.

Oxabi taldea Durangoko Landako Gunean. (Argazkia: Oxabi)

Emanaldia abenduaren 19rako eta doan, gonbidapen bidez.

Oxabi musika taldeak 20 urte bete ditu eta Durangoko Landako Gunean eskainiko duen kontzertu berezi batekin ospatuko du. Emanaldia abenduaren 19an izango da. Beste sorpresa batzuen artean, 20 urte hauetan taldetik pasa diren kide guztiak izango dira oholtzan: 20 urte, 20 lagun!. Gonbidapenak eskuragarri daude dagoeneko oxabi.eus webgunean. Ate irekiera 19:00etan izango da, Oxabi taldeak ohar batean azaldu duenez.

Oxabi taldea 2006. urtean jaio zen, Galdakaon (Bizkaia), herrian eta inguruko eskualdeetan gazteentzako erromeria talderik ez zegoela bultzatuta. Horrela batu ziren aurretik lagunak ziren Jon Eguskiza, Aritz Uriarte, Asier Balentzia, Urtzi Enrikez eta Jon Gomez Garai musikari-lagunak.

Lehenengo lau urteetan formatu akustikoan aritu ziren kontzertuak, kalejirak eta kaleko saioak eskaintzen. 2009. urtean, ordea, agertoki handietara jauzia egin zuten, ohiko zituzten instrumentuei —trikitixa, panderoa, alboka, bibolina, dultzaina, txirula…— bateria, baxua, gitarra elektrikoa eta metalezko haizeak sartuta. Galdakaon antolatu zen Ibilaldiaren amaierako kontzerturako egin zuten formatu handitze hori. Eta kontzertu honen arrakasta ikusita erabaki zuten taldekideek Oxabi handitzeko beharra zegoela.

Kontzertuak Euskal Herrian nahiz nazioartean
Geroztik ehunka kontzertu eman ditu Oxabik Euskal Herri osotik, baita kanpoko herrialdeetatik ere. Euskal Herritik kanpo aipatzekoak dira, esaterako, Eskoziako Fringe jaialdian parte hartu izana, Mallorkako Euskal Etxearen nazioarteko jaialdi batean, Huescako PIR jaialdian eta Sevillako Athletic Hirian, besteak beste. Euskal Herrian zehar, San Mames estadioan eskainitako bi kontzertuak ere aipatzekoak dira—2015eko Kopako finalean eta urte bereko Gure Eskuren ekitaldi nazionalean—, goi-mailako musikari zein abeslari ezagunez inguraturik Bilboko Areatzan.

Koronabirusak eragindako pandemiaren aurretik, 2019an, Espero dena kantu propioa kaleratu zuen Oxabik, Gaztea hedabidean asteko abestia izanik. Eta Ibilaldiaren abesti ofiziala egiteko ardura ere Oxabiri eskaini zitzaion 2025ean, Magaletik herrire. Urte berean ETBko Gabonzaharretako gala bereziko soinu-banda ofiziala izan zen Oxabi.

Gaur egun, taldearen zuzenekoetan —aipatutako instrumentuez gain— teklatu, sintetizadore eta perkusioak ere gehitu dituzte, atzoko eta gaurko euskal zein nazioarteko kanturik onenei errepaso eginez. Eta lan hori, 2026an taldearen 20. urteurrena ospatzeko, musikari paregabeekin egiten ari da Oxabi: Jonen abeslari lanetara Leire Goti gehituta, Lander Campos (bateria), Markel Arevalo (baxua), Iker Aranaz (gitarra), Gontzal Carrasco (trikitixa), Eneko Arraibi (saxofoia) eta Jurgi Iraola (tronboia) dira gaur egungo oxabitarrak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!