Durangoko Udalak 2026ko urte amaieran hasi gura ditu Kapitanena berrizteko lanak

J.D.

Hurrengo fasea obren lizitazioa izango da, "datozen asteetarako" aurreikusita dagoena, udalak ohar batean zehaztu duenez.

"Exekuzio proiektua onartu eta auzoko bizilagunen elkarteari aurkeztuta", Kapitanena eraikina berritzeko egitasmoan "beste urrats bat" eman dela iragarri du Durangoko Udalak ohar batean. 

Hurrengo fasea obren lizitazioa izango da, "datozen asteetarako" aurreikusita dagoena, udalaren arabera. Prozesua aurreikusitakoaren arabera garatzen bada, udalaren helburua "lanak 2026ko amaieran hastea da". Jarduketak 965.000 euro inguruko aurrekontua du, eta, behin adjudikazioa formalizatu eta zuinketa-akta egin ondoren, obra gauzatzeko epea 12 hilabetekoa izango da. 

'Kapitanena 2' izeneko proposamena "auzoko bizilagunen elkartearekin batera landu" dutela nabarmendu dute udaletik. Proiektuak egungo eraikinaren handitzea planteatzen du, beheko solairuan erantsitako eraikin berri baten bidez. Diseinuak banaketa irisgarriagoa, seguruagoa eta erabilera anitzekoa proposatzen du, espazio guztiak solairu bakarrean bilduz eta multzoaren azalera erabilgarria optimizatuz.

Eraikineko azpiegiturak
Konfigurazio berriak eraikinaren eta ingurunearekiko harremana "hobetzea" ere ahalbidetuko duela azaldu dute. Erantsitako eraikina lehendik dagoen eraikinaren albo batean kokatuko da, estalki nagusiarekin lerrokatuta, eta partzela errepiderantz itxiko du. "Antolamendu horrek espazioaren segurtasuna indartzen lagunduko du, bereziki duela gutxi haur-gunea jarri den eremu batean".

Oharraren arabera, eraikinak Kapitanenaren ohiko funtzionamendurako aurreikusitako espazioak mantenduko ditu, eta bilera-gela bat, irakurketa-gela independente bat, ikasteko giro lasaia sustatzeko, komunak, biltegia eta galdara-gela izango ditu. Horrez gain, gutxi gorabehera 88,19 metro koadroko erabilera anitzeko espazio berri bat gehituko da.

Bi sarbide bereizi
Multzoak bi sarbide bereizi izango ditu, bi eraikinen erabilerak antolatzeko aukera emango dutenak. Parketik zuzenean sartu ahal izango da gune polibalentera; atzeko espaloitik, berriz, bi eraikinetara sartu ahal izango da kristalezko atondoaren, egungo atariaren edo ataripearen bidez.

Iraunkortasunari dagokionez, eraikinaren klimatizazioa energia berriztagarrien bidez egingo da, eta instalazioak eguzki-plakak ere izango ditu energia luminikoa sortzeko. 

Argitasuna helburu
Diseinu arkitektonikoaren helburua, halaber, "urteko sasoi guztietan espazio argitsu eta orekatua sortzea da". Hedapenak beirate handi bat eta babes elementu zabal bat izango ditu, argi naturalari etekina ateratzeko. 

Eraikinean egingo den esku-hartzeaz gain, proiektuak ingurune hurbilean ere jarduketak aurreikusten ditu, hala nola parkean zuhaitzak landatzea eta haur-parkearen inguruan dauden kable batzuk kentzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!