Sasikoak eta Elorrioko Buskantzak derbi bategaz hasiko dute Euskal Liga

J.D.

Sasikoa areto futbol taldea, aurtengo partidu batean. Saasikoa

Areto futbolaren Euskal Liga asteburuan hasiko da eta Durangaldeko talde nagusi biek, Sasikoa Durangok eta Elorrioko Buskantzak, elkarren aurkako derbi bategaz ekingo diote denboraldiari. Partidua domekan izango da, 12:00etan, Durangoko Landako kiroldegian.

Durangarrak protagonista dira egunotan. 30 urte bete dira kluba sortu zenetik, eta, hori dela eta, San Fausto jaietako txupinazoa eurek botako dute, hiru hamarkadatan Durangon areto futbola bultzatzen egindako lanaren esker onez. 

Baina udaletxeko balkoira irteteko eguna heldu bitartean, kantxan zentratuko dira. Eta ez asteburuko derbian bakarrik, beste erronka batzuk ere badituzte eta. Dagoeneko Euskal Kopako kanporaketa bi gainditu dituzte. Lehenengo, Sestao taldea menderatu zuten, 3-4, Sestaon. Eta joan zen asteburuan beste hainbeste egin zuten Elorrieta taldeagaz, 5-4, Durangon. Markagailuan atzetik hasi arren, partiduari buelta eman eta Euskal Kopako final-zortzirenetarako sailkatu ziren. Datozen hileetan, Euskal Ligak atseden hartuko du eta ligara bideratuko da protagonismo osoa. Kopari dagokion hurrengo kanporaketa abenduaren 8an jokatuko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!