75 urtetik gorako durangarrek eta liburutegira hurreratzeko zailtasunen bat dutenek etxean bertan jaso ahalko dituzte Bizenta Mogel Bibliotekako funtsak, maileguan. Hau da: liburuak, aldizkariak zein ikus-entzunezkoak. Zerbitzu berria Durango adinekoekin atsegina taldeak bultzatu du, eta udaleko adinekoen zerbitzuak eta bibliotekak egikaritu dute. Zerbitzua eskatzeko 946030033 telefonora deitu edo liburutegira bertaratu behar da, 09:30-12:30 ordutegian.
Liburutegiko beharginek erabiltzaileak orientatuko dituzte, eta irakurketa gustuen araberako aholkularitza zerbitzua eskainiko diete. Entrega bakoitzean, gehienez, 12 mailegu egingo dira: 3 liburu, 3 aldizkari, 3 CD eta 3 DVD. Etxerako zerbitzua hamabostean behin eskainiko dute, eta bisita berean bueltatu beharko dira aurretik jasotako materialak. Erabiltzaileak eta liburutegiak entrega-ordua adostuko dute. Egitasmoagaz, hartu-emanak, kulturarako sarbidea eta irakurzaletasuna sustatuko direla esan du Durangoko Udalak.