Zelan zaletu zinen eskubaloira?
Jesuitetan ikasi dut. Han saskibaloian, futbolean edo eskubaloian aritzeko aukera izan nuen. Bederatzi urtegaz eskubaloia aukeratu nuen.
Zerk erakarri zintuen beste kirolekin alderatuta?
Kirol desberdina da eta probatu nuen unetik gustatu zitzaidan. Kontaktuzko jokoa da, azkarra. Jokoari abiadura ematen zaion momentua asko gustatzen zait. Bizi jokatzen da. Hemen ez da saskibaloia eta futbola bezain ezaguna, baina jendeak probatuko balu esango nuke askok aukeratuko lukeela.
Zenbat urte daramazu lehenengo taldean?
Aurtengoa bigarren urtea dut. Gazteagotan ere ibili izan naiz, baina 2020an utzi egin nuen, ikasketengaitik. Baina eskubaloiaren eta taldeko giroaren falta igarri nuen eta bueltatu egin nintzen.
Zelako taldea duzue aurten?
Hamalau jokalari gaude eta adin desberdinetakoak gara; gazteenak 18 urte ditu, eta zaharrenak 31. Gazteenek esperientziarik handieneko jokalariengandik ikasten dute. Taldean oso hartu-eman ona dugu. Alde horretatik, ezin dut gehiago eskatu. Taldeko giroa da ni berriro eskubaloira bueltatzeko arrazoi bat eta ez nuke ezergaitik ere aldatuko.
Bizkaiko ligan jokatzen duzue. Zer helburu duzue denboraldi berrira begira?
Eskubaloiaz gozatzea, gure onena ematea eta ahalik eta goren amaitzea. Ez dugu mailaz igotzeko edo antzerako presiorik. Urterik urtera gure errendimendua hobetzen ahalegintzen gara. Entrenatzaile bi ditugu. Bat berria da eta besteagaz urte asko daramatzagu. Oso talde ona osatzen dutela esango nuke.
Ibaizabalen geroago eta talde eta jokalari gehiago dagoela ikusteak zelan sentiarazten zaitu?
Harrotasuna sentitzen dut. Emakumeen talde gehiago egon da beti eta horrela jarraitzen du. Kimuetan, haur-kategorian eta gazteetan taldeak izatea garrantzitsua da guretzat, horrek erreleboa badagoela erakusten duelako. Mutiletan ere talde bi daude eta ea etorkizunean gehiago diren. Geroago eta familia handiagoa garela ikusten dut eta horrek poza ematen dit. Eskubaloiak merezi du, kirol ederra delako. Jende askok urte askoan gogor lan egin du gaur egun gauden egoerara heltzeko, eta haien lana nabarmendu gura dut. Esaterako, azken urteetan hainbat ekintza egin da Durangon eta inguruko herrietan kirola ezagutarazteko. Lan horren fruituak jasotzen gabiltza eta etorkizunean bide honetatik jarraitzea espero dut.