Durangaldera heldu aurretik, bide luzea egin duzue.
Estate Samkharadze: Georgiatik irten gura genuen, ezin genuen han jarraitu. Poloniara joan nintzen lanera, ni bakarrik. Baina emaztea eta semea eraman ezin nituela ikusita, hona etortzea erabaki genuen. Bartzelonan ere egon ginen Euskal Herrira etorri aurretik. Jainkoaren laguntzagaz gaude hemen. Bide asko zeuden egiteko, baina hona heldu gara, Jandaki jatetxea zabaltzera. Aurretik, Atxondon lan egin nuen eta hango nagusiak, Josek, asko lagundu dit. Berari esker gaude hemen.
Durangaldean finkatu aurretik Sevillan bizi izan zineten.
I.M.: Bai. Sevillara egokitzea asko kostatu zitzaigun. Bilbora bueltatzeko ilusioa genuen eta Estatek lana lortu zuen Atxondon. Bera etorri zen lehenengo, eta gero semea eta biok. Gero, alaba biak jaio ziren. Elorriora etorri ginen, baina orain Zaldibarren bizi gara.
E.S.: Durangaldea Georgiaren oso antzekoa da: Urkiola, mendia, natura... Gatx izango litzateke hemendik joatea.
Ondo egokitu zarete Durangaldera?
E.S.: Oso ondo. Madrilen, Bartzelonan... soldata hobea duten lagunek deitu izan didate, hara joateko. Baina hemendik inora joatekotan Georgiara joango ginen. Euskaldunak arduratsuak zarete, berbako pertsonak. Aurrez aurreko hartu-emana gustatzen zaizue.
I.M.: Une txarretan beti sortu da zeozer hemen geratzeko.
Urtarrilean Jandaki zabaldu zenuten.
E.S.: Tradizio georgiarra ekarri gura dugu, eta hango etxeko janaria eskaini. Antzekotasunak dituzten kultura biak uztartu gura genituzke. Izan ere, euskaldunoi ere gustatzen zaizue jan-edana ipini eta berba egitea, barre egitea... Euskal Herriari oso eskertuta nago, nire jaioterria den Jandakiren zati bat ekartzeko aukera emateagaitik.
I.M.: Ogiagaz, enpanadekin, Kaukasoko pastelekin... hasi ginen. Eta bezeroen interesagaitik hasi ginen bazkariak eta afariak ematen. Ahoz ahokoari eskerrak joan gara zabaltzen, eta apurka gabiltza bidea egiten, eta ikasten. Janari naturala eta freskoa eskaintzen dugu. Egiten duguna maitasunez egiten dugu eta bezeroek badakite. Oso eskertuta gaude.
Georgiako gastronomia modan ei dago. Igarri duzue hori?
E.S.: Topuria, Mamardashvili, Kvaratskhelia... kirolari ezagunak dira eta Georgiako kulturak interesa sortu du. Herrialde baten kulturaren zati handia da gastronomia. Georgia oso antzinako herria da, munduko lehenengo ardoa han egin zen.
Zelakoa da Georgiako gastronomia?
E.S.: Georgiako eskualde bakoitzak janari eta ardo berezia du, propioa. Bakoitzeko onenaren batura da gure gastronomia; gazta, intxaurrak eta okela asko erabiltzen ditugu. Tbilisin igarri daiteke gehien.
Jandakin probatzeko plater bat?
E.S.: Datozen gehienek ajaluria probatzen dute.
Euskaldunok ausartzen gara zapore berriekin?
E.S.: Jatunak zarete eta zaporeak ondo ulertzen dituzue.
I.M.: Bildur apur bat dago, ez zaudete espezietara ohituta. Baina oso suabe erabiltzen ditugu.
Hemengo zerk erakarri zaituzte?
E. S.: Jendea zoriontsu eta lasai bizi da; eta oso atseginak dira.
E.M.: Aske, lasai eta babestuta sentitzen gara.
MOTZEAN
Georgiako plater bat?
Biak: Jinkali.
Euskal plater bat?
I.M.: Dilistak txorizoagaz.
E.S.: Patata tortilla
Jatetxerako enbaxadore lez gobidatuko zenuke...
Biak: Ilia Topuria.
Georgiako zein leku duzue gogoan?
I.M.: Kutaisi.
E.S.: Jandaki.