EHEk manifestazio nazionala egingo du Durangon, "faxismoari" euskaraz aurre egitera deitzeko

E.H.

Antolakundearen berbetan, eskuin muturra eta faxismoa "hurbilago eta harroago" igartzen dira bai instituzioetan bai kalean, eta "euskara ere jo-puntuan" ipini dute. Manifestazioa abenduaren 5ean izango da, 13:30ean, Landako Gunetik hasita. 

Euskal Herrian Euskarazek Durangoko kaleak betetzera deitu du euskara "hizkuntza antifaxista" modura aldarrikatzeko. Antolakundearen berbetan, eskuin muturra eta faxismoa "hurbilago eta harroago" igartzen dira bai instituzioetan bai kalean, eta "euskara ere jo-puntuan" ipini dute. Horregatik, "munduan zehar eskuina hedatzen ari den garaiotan", Euskal Herrian Euskarazek inoiz baino garrantzitsuagoa deritzo "olatu erreakzionarioaren aurka eta justizia sozialaren alde kaleak hartzeari". Alde horretatik herri mugimenduko eragileen arteko aliantzak sendotzera deitu dute, "nola ez, euskaraz". Antolakundeak Durangoko Azokako egunetan egingo du manifestazioa. Hitzordua honako hau da: abenduaren 5a, 13:30ean, Landako Gunetik hasita. 

"Euskal Herritik faxismoari aurre egingo badiogu euskaraz egingo diogu", esan dute goiz honetako agerraldian Intza Gurrutxaga eta Estitxu Uhalde EHEko bozeramaileek: "Badakigu euskara edo euskalduntasuna ez dela, bere horretan, eskuin muturreko ideien edo diskurtsoen antidotoa. Antigorputz sendoak ditugu, baina ez gaude salbu. Horregatik, gure aldarria argia da: euskarafaxismo orori aurre egiteko tresna izan dadila".

Pizkundeari eutsiz

Euskal Herrian Euskarazek eta eragile euskaltzaleek alarma botoia sakatu zuen orain urte bi, euskara atzerapausoan sar zitekeela ohartarazita. Handik etorri zen Pizkundea, Euskalgintzaren Kontseiluak, Bilboko Miribillan lehenik eta Iruñeko kaleetan ondoren. egindako mobilizazio sorta. Alde horretatik, Euskal Herrian Euskarazek "larritasunaren kontzientzia" hartzera eta "ekintzara" pasatzera deitu du: "Euskarak ezinbesteko baititu euskaltzale kontzientziatuak eta, batez ere, antolatuak, euskararen borroka lehen lerrora ekarri eta indartuko dutenak. Ari gara, baina egoerak erritmoa bizkortzea eskatzen du, berehalakoan eta nahitaezean", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!