Pizkunde berri batera deitu duzue. Zein arrazoi identifikatu duzue horretarako?
Intza Gurrutxaga: Iurrebasoren eta Goikoetxearen 'Esnatu ala hil' ikerketak argi erakusten du minorizazio gorrian gaudela. Euskaltzaletasunak indarraldia izan zuen duela hamarkada batzuk, baina geldialdian gaude orain, eta arlo batzuetan, baita atzeraka ere. Hain justu, beheranzko joera horretatik aurrerako indarraldi bat behar dugu.
Iraia De la Torre: Ezagutzak ez du pentsatzen genuen erabilera ekarri. Geldialdian gaude, eta oraintxe da euskararen erabilera bermatuko duen hori asmatzeko edo sustatzeko momentua. Eta hori guztia hezkuntzatik haragoko eremuetan landu behar dugu, egunerokotasunean edo aisian, adibidez.
Hori dela eta, manifestazioa egingo duzue Durangon, abenduaren 6an.
I.G.: Egitura propioak behar ditugu euskaraz bizi ahal izateko eta horretarako eremuak lortzeko. Egoera diglosikoa gainditzeko ezinbestekoa dira, bi estatu zapaltzaileren menpe bizita ezingo genukeelako halakorik lortu. Benetako hizkuntza politikak sortzeko eta benetako espazioak sortzeko ezinbestekoa da.
I.T.: Eraldaketa sozialak eta eskubideetan egindako aurrerapausorik gehienak mobilizazioei esker lortu dira. Egoera honetan ere garrantzitsua da hori: kalera irtetea eta presio soziala egitea euskararen alde.
Horrenbestez, euskararen auzia agenda politikoan eta sozialean sartu behar da?
I.G.: Bai. Euskalgintzan gabiltzan eragileok askotan ohartarazi dugu euskararen egoeraz, eta Iurrebasok eta Goikoetxeak ere argi esan dute analisi hori. Hau da, herri mugimenduak esaten zuen horrek analisi zientifiko bat dauka orain. Horrenbestez, orain instituzio publikoetan dago erantzukizuna, bertako hizkuntza politiketan dago. Beraz, euskararen aldeko diskurtsoa mahaigaineratzeko ordua da.
I.T.: Ardatz bi daude. Hori guztia mahai gainean jartzea da bata, eta ilusioa eragitea bestea. Pizkundeak hortik abiatu behar duela uste dugu. Alderdi euskaldunekin ere kritiko gara, utzikeria handia dagoelako euskararekiko. Ez zaio auziari lehentasunik ematen.