Bizikleta Solidarioaren bidez 5.041 euro batu dituzte La Cuadri Del Hospi elkartearentzat

J.D.

Eneicateko, la Cuadri del Hospi elkarteko eta Jesuitak, San Antonio eta Nevers ikastetxeetako ordezkariak gaur eguerdian Durangoko Ezkurdi plazan egindako ekitaldian.

Joan zen domekako ekimenak 15 ikastetxetako 478 ikasle batu zituen. Nevers ikastetxeak irabazi du erronkako lehen saria.

Europako Mugikortasun Astearen barruko ekimenen barruan, Bizikleta Solidarioa ospatu zuten joan zen domekan Durangon. Eneicat txirrindularitza elkarteak kudeatutako ekimena arrakastatsua izan zen. Hamabost ikastetxek 478 ikaslerekin parte hartu zuten ekimenean. "Espero genuena baino askoz gehiago dira", azaldu du Enecaiteko Eneritz Iturriagak. Bizikleta hartu eta Durangotik nahiz inguruko herrietatik hainbat ibilbide egin zituzten.

Ekimenak izaera solidarioa izan zuen. Izen-emateagaz batutako dirua, 5.041 euro, La Cuadri del Hospi elkarteari eman diote gaur eguerdian Ezkurdi plazan egindako ekitaldian. "Dirua Euskadin aitzindaria den proiektu batera bideratuko dugu, umeen kantzerraren tratamendua kirolaren onurekin uztartzen duen proiektu batera", adierazi du elkarteko Susana del Amok. 

Ekimena ikastetxeen arteko erronka bat ere izan zen eta gaur sariak banatu dituzte. Iturriagak saridunak erabakitzeko irizpidea azaldu du lehenengo. "Ikastetxeek duten ikasle kopuruaren eta ikastetxe bakoitzetik ekimenera etorri ziren ikasle kopuruaren arteko batez besteko bat egin dugu". Kalkulu horretan Nevers ikastetxea izan da onena eta 1.000 euroko saria irabazi du. Jesuitak ikastetxea eta  Zabalarra ikastetxea bigarren eta hirugarren geratu dira, hurrenez hurren. Laugarren, berriz, San Antonio ikastetxea geratu da, aurrekoengandik gertu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!