Ertzaintzak atxilotu egin du Durangoko hiru adinekori indarkeria erabilita lapurretan egin dien ustezko pertsona. 22 urteko gaztea da, eta Santurtzin hartu dute atxilo (Bizkaia). Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez, Ibaizabal parkean gertatu zen lehenengo lapurreta, abuztuaren 25ean. Ustezko lapurra 82 urteko emakume batengana hurreratu zen, eta indarrez tira eginda, urrezko katea kendu zion. Biktimari bultza ere egin zion, eta zaurituta geratu zen lurrera jausi ondoren.
Biharamunean, abuztuaren 26an, antzerako lapurreta gertatu zen parke berean. Kasu horretan, lapurra laguntzaile batekin zegoen, eta indarkeria erabiliz bi zintzilikario zituen urrezko kate bat kendu zion banku batean eserita zegoen 85 urteko gizon bati. Lapurretaren ondoren, bi gazteek tren-geltokirantz ihes egin zuten.
Irailaren 5ean gertatu zen Ertzaintzaik ikertu duen hirugarren lapurreta, Durangoko kale batean. Ustezko lapurrak katea ostu zion 78 urteko emakume bati, lepotik indarrez tira eginda.
Ustezko lapurra Santurtzin atxilotu dute, eta ustezko laguntzailea ere identifikatuta dauka ertzaintzak. Atxilotua Durangoko Guardiako Epaitegiaren eskuetan jarri dute, eta epaileak hura espetxeratzeko agindua eman du.