Mugarra Triatloi Taldeak urriaren 3an lehiatuko den Durangoko Mendi Duatloia aurkeztu du

J.D.

Gaur Durangoko udaletxean egindako aurkezpeneko irudia.

Duatloi herrikoian lehenengoz erreleboka parte hartu ahal izango da, eta bizikletako ibilbidea asfaltora mugatuko dute. Helburua jende gehiagorengana heltzea da. 

Mugarra Triatloi Taldeak Durangoko Mendi Duatloiaren laugarren edizioa aurkeztu du gaur. Proba urriaren 3an izango da Tabira parkean, eta aurreko urteetan bezala, adin eta maila ezberdinetako parte-hartzaileei zuzendutako hainbat proba egongo dira egunean zehar.

Goizean umeen duatloiak, duatloi inklusiboa eta duatloi herrikoia egingo dira. Duatloi herrikoian nobedadeak daude, jende gehiagorengana heldu guran. Batetik, bakarka ez ezik, erreleboka ere parte hartu daiteke lehenengoz. Bestetik, bizikletan asfaltotik bakarrik ibiliko dira, mendira sartu barik. Bizikletako tartea laburragoa izango da (6 km) eta BTTagaz, errepideko bizikletagaz zein 'gravel' bizikletagaz egin daiteke, Mugarra TTko Larraitz Caballerok aurkezpenean azaldu duenez.

Goizeko proba guztietarako izen-ematea egunean bertan egin daiteke, Tabiran. 

Arratsaldean, mendi duatloia
16:00etan, Euskal Herriko Duatloi Zirkuituaren barruan dagoen Durangoko Mendi Duatloiaren laugarren aldia hasiko da. Probak bi sektore ditu: lehenengoa, 8,5 kilometroko mendi-lasterketa, eta bigarrena, 18,5 kilometroko BTT ibilbidea. Proba bakarka zein bikoteka egin daiteke. "Iaz ezarri genuen parte-hartzaile kopurua gainditzea espero dugu", adierazi du Mugarra TTko Julen Iruarrizagak.

Proba honetarako izen ematea irailaren 30a arte dago zabalik, Rockthesport plataforman. 

Izaera solidarioa
Ekitaldi osoak izaera solidarioa du. Duatloi herrikoian eta mendi duatloian izena  ematen duen parte-hartzaile bakoitzeko, Mugarra Triatloi Taldeak kilo bat pasta emango dio JAED elkarteari. Horrez gainera, ekimenaren egunean bertan pasta emateko aukera egongo da. 

Antolakuntzatik hainbat babesleren eta erakunderen laguntza eskertu dute. Adierazi dutenez, "Smurfit Westrocken laguntzari esker, parte-hartzaileen esperientzia hobetzeko eta ekitaldiaren antolaketa indartzeko hainbat hobekuntza" egin dituzte. Era berean, Lasuen, Gozatu, Zarate Elexpe, La Tostadora eta Durangoko Udalari eskerrak eman dizkiete "urtean zehar emandako  laguntza guztiagatik". 

Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak Mugarra TTren lana eta baloreak nabarmendu ditu, hala nola, "parte hartzea, bizitza osasuntsua, inguruagaz konpromisoa eta komunitatea sortzeko gaitasuna".

URRIAK 3, ZAPATUA

  • 10:00 Umeen duatloiak eta duatloi inklusiboa. Izen-ematea: egunean bertan.
  • 12:00 Duatloi herrikoia. 14 urtetik gorakoentzat. Bakarka edo bikoteka. 2 km korrika / 6 km bizikletan / 1 km korrika.
  • 16:00 Smurfit Westrock Durangoko 4. Mendi Duatloia. Bakarka edo erreleboka. 8,5 km korrika (377 m+) eta 18,8 km bizikletan (780 m+). Izen-ematea: Rockthesport.com.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!