[ARGAZKI GALERIA] Ibaizabal Eskubaloi Taldeak iaz baino talde eta jokalari gehiagorekin hasi du denboraldia

J.D.

Denboraldi honetan klubak zazpi talde izango ditu, iaz baino bat gehiago, eta jokalari kopurua ere handitu egin da.

Ibaizabal Eskubaloi Taldeak denboraldi honetako taldeak aurkeztu zituen joan zen barikuan, Landako kiroldegian. Klubak hazten jarritzen du. Zazpi talde irten ziren kantxaren erdira, iaz baino bat gehiago. Kimu mailako mistoa da talde berria. Jokalari kopuruan ere gora egin dute; 100 inguru dituzte, iaz baino 15-20 gehiago.

Aurreko urteetan lez, talderik gehienak emakumeenak dira: zazpitik bost. Jokalari kopuruaren hazkundea hainbat ekimenen emaitza dela azaldu du Juanjo Gude klubeko presidenteak. Besteak beste, "jokalariak erakartzeko programak, eta sare sozialetako lana" aipatu ditu. Horrez gain, klubak ekitaldiak antolatzen ditu eskubaloiari ikusgarritasuna emateko: iaz, esaterako, eskola kiroleko haur-kategoriako finalak egin zituzten Durangon, eta Traña-Matienan senior emakumeen Euskadiko kategoriara igotzeko fasea antolatu zuten. Duela bi urte, berriz, Euskal Herriko eta Nafarroako taldeekin torneo bat egin zuten, 400 lagun inguru batu zituena. "Horrelako ekitaldiek kluba ezagutarazten laguntzen dute. Gazteek giro ona dagoela ikusi eta batzuek probatzea erabakitzen dute", azaldu du  Gudek. Denboraldi amaierarako beste ekitaldi "esanguratsu" bat antolatzen saiatuko direla aurreratu du.

(Argazkiak: Ibaizabal Eskubaloi Taldea)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!