Argomaniz Lasala konpainiako zuzendaria eta koreografoa da, eta baita obra honen sortzailea ere. Garazi Etxaburugaz, Hodei Arrastoagaz, Miren Lizeagagaz eta Leire Otamendigaz batera sortu du obra. Publiko guztiarentzako moduko lana da, eta familia mota desberdinak lantzen dituzte obran. Alai protagonista, sei urteko haurra, bere amonagaz eta txakurragaz bizi da. Alairen familia ez da bere lagunenaren modukoa eta horrek desberdin sentiarazten du, baina gau batean ametsen munduan murgildu eta animalia mordo bat eta haien familia mota desberdinak ezagutuko ditu. "Ez dugu familia eredu bakar bat erakutsi nahi, baizik eta haurrei erakutsi familia bakoitza desberdina izan daitekeela eta hori aberasgarria dela", azaldu du zuzendariak. Lana Berrizen ere taularatuko dute, abenduan.
Zelakoa da familia normal bat?
Gaur egun gero eta familia eredu gehiago dago, eta guretzat familia normal bat maitasunean, zaintzan eta errespetuan oinarritzen dena da. Ez dugu familia eredu bakar bat erakutsi nahi izan, baizik eta haurrei erakutsi familia bakoitza desberdina izan daitekeela eta hori aberasgarria dela. Hortik sortu zen Alai familian sortzeko beharrizana.
Urte hasieran estreinatu zenuten obra. Zelako harrera izan du 'Alai familian' lanak?
Oso pozik gaude jasotako harrerarekin. Urtarrilean estreinatu genuenetik, oso erantzun beroa izan dugu, bai haurren aldetik, eta baita familien, programatzaileen eta kultur eragileen aldetik ere. Oso lan berezia da guretzat, eta pozgarria da ikustea publikoak proposamenarekin konektatzen duela.
Ideia eta koreografia zureak dira, baina lan honetan ez duzu dantza egingo emanaldiean. Zein irizpideren arabera erabakitzen duzu interprete legez aritu ala ez?
2017tik ez naiz eszenatokira igo. Salbuespen bakarra Lasala 10 urte piezaren estreinaldian izan zen. Konpainiaren hamar urteko ibilbidea ospatzeko sortu genuen pieza berezia izan zen, eta egun horretan bakarrik igo nintzen eszenara. Ondoren, piezak bere ibilbidea egin zuen nire presentziarik gabe.
Denborarekin konturatu naiz konpainiak hobeto funtzionatzen duela ni zuzendaritzan eta sorkuntza prozesuaren gidaritzan nagoenean. Nire lana gaur egun askoz zabalagoa da: koreografia, zuzendaritza artistikoa, taldearen koordinazioa eta proiektuaren ikuspegi orokorra zaintzea. Horregatik, gaur egun naturaltasunez bizi dut oholtzan ez egotea, eta nire ekarpenik handiena kanpotik egiten dudala sentitzen dut.
Dozena bat emanaldi eskainiko duzue urtea amaitu bitartean. Momentu gozoa da dantza garaikidearentzat?
Ez da sektore erraza, eta oraindik ere erronka handiak ditugu, batez ere egonkortasunari, finantzaketari eta programazio aukerei dagokienez. Konpainia askok zailtasun handiak dituzte beren jardunari eusteko, eta, askotan, duena baino presentzia handiagoa merezi du dantzak programazioetan.
Hala ere, guk lanean jarraitzen dugu publiko berria bilatzen eta dantzaren inguruko aurreiritzi batzuk apurtzen saiatzen. Horrelako proposamenek, familiei zuzendutako Alai familian bezalakoek, bide berriak ireki ditzakete eta dantzara gerturatzen ez den jendea ere erakartzeko aukera eman dezakete.
Beraz, ez nuke esango momentu bereziki gozoa denik, baina sortzaile askok lanean jarraitzen dugu dantzak ikusgarritasun eta aitortza handiagoa izan dezan.
Eszenografiari, jantziei eta iruditegiari, orokorrean, garrantzi handia ematen diozue.
Bai, gure hizkuntza artistikoaren parte da. Guretzat mugimendua da ardatza, baina mugimendu hori inguratzen duten elementuek ere istorioa kontatzen dute. Moda, argiztapena, espazioa eta jantziak ez dira apaingarriak; piezaren unibertsoa eraikitzeko tresnak dira.
Lasala konpiniak ia hamabost urteko ibilbidea du. Pribilegiatua sentitzen zara?
Bai, neurri batean bai, baina, batez ere, eskertuta sentitzen naiz. Gaur egun hamahiru urte baino gehiago daramatzagu lanean, eta ez da erraza hainbeste urtez konpainia independente bati eustea. Horren atzean lan handia dago, ahalegin handia, eta talde oso baten konpromisoa.
Horregatik, sortzen jarraitu ahal izatea zorte handia dela sentitzen dut, gure lanak publikoarekin konektatzea eta Euskal Herrian zein nazioartean gure bidea egiten jarraitzea. Baina pribilegio bat baino gehiago, urte askotako lanaren emaitza dela esango nuke.
Aurrera begira, baduzu erronkarik esku artean edo egitea bereziki gustatuko litzaizukeen zeozer?
Beti daude erronka berriak. Une honetan gure hurrengo sorkuntzan murgilduta gaude, Alma Bruta izeneko lanean. Maitasunaren inguruan eraikitako pieza da, bizitzako etapa ezberdinetatik eta harreman mota ezberdinetatik jorratutakoa. Horixe da orain dugun erronka nagusia.
Eta, oro har, Lasalak nazioartean hazten jarraitzea gustatuko litzaidake, publiko berriarengana iristea, eta dantzaren bidez istorio berriak kontatzen jarraitzea.
Zer da garrantzitsuagoa, emozioa ala teknika?
Niretzat biak dira beharrezkoak. Teknikak tresnak ematen dizkizu, baina emoziorik gabe mugimendua hutsean gera daiteke. Eta alderantziz ere bai: emozioa transmititu nahi baduzu, teknika sendo batek hori modu argi eta zehatzean adierazten laguntzen dizu.
Hala ere, publikoaren ikuspegitik, azkenean emozioa geratzen dela esango nuke. Jendeak ez du beti mugimendu jakin bat edo zailtasun tekniko bat gogoratzen, baina bai ikuskizun batek sentiarazi diona. Horregatik, teknika ezinbestekoa bada ere, emozioa da benetan konektatzen gaituena.