Zer esan gura du zuentzat horrelako data bat gogoratzeak?
Paulino Amaya: Ijito herria hemen geratuko dela aldarrikatzeko eta gogoratzeko aukera da. 1425etik Penintsulan errotuta gaude eta ondo dago hori gogoratzea. Batzuetan ahaztu egiten zaigu, 600 urte igaro ondoren ere, gure eguneroko bizitzako hainbat esparrutan oraindino ikusezin egiten gaituztela.
600 urteko historiaz ari gara. Zer dakigu lehenengo ijito komunitateen etorreraz eta Penintsulako lehenengo urteez?
Jon Rodriguez: Hasieran, erresumen garaian, harrera ona izan zen. Izan ere, desberdina izatea ez zen txartzat hartzen hasieran. Penintsulan arabiarrak, juduak… zeuden. Herrialde batetik bestera ibilitako esperientziari eta ezagutzei eskerrak aberastutako lanbideak ekarri genituen, hemen ordura arte ezezagunak ziren teknikekin. Esaterako, errementaritzan, zilargintzan, animalien salerosketan… Baina dena aldatu zen Errege-erregina Katolikoak boterera heldu zirenean. 1499an, lehenengo Pragmatica ezarri zuten eta horrek ijito herriarentzat batere mesedegarria ez zen ideologia baten hasiera markatu zuen. Denak berdinak izatea gura zuten, herria errazago gobernatu ahal izateko: erlijioa bera, hizkuntza bera… Eta, jakina, ijito herria nomada zen, ez genion inongo jauni men egiten, eta kontrolik barik mugitzen ginen. Gu kontrolatzea gatxa zen, eta hor hasi zen arazoa. Ez zen elkarbizitzagaz loturiko arazorik izan; ijito herriak bizitza ulertzeko eta bizitzeko zuen modua zen haientzat arazoa.
Zuen berbaldietan, euskal lurretan ijito herriak izan duen presentzia historikoaz ere berba egiten duzue.
J.R.: Penintsulan egon gineneko lehenengo frogak 1425ekoak dira; horren erakusgarri da, esaterako, Aragoiko salbokonduktua. Euskal lurretan ere baditugu frogak, ordutik oso gutxira, 1435ekoak. Seguruenik, lehenagotik ere bagenbiltzan hemendik. Seguru gaude urte horren aurretik ere bazirela ijito familiak hemen, baina ezin dugu hori frogatu. Eta hasiera hartan nahiko harrera ona izan zen, Penintsulako gainerako lekuetan legez. Baina XVI. mendean dena aldatu zen. Orduan aldatu zen ijito herriaren eta euskal herriaren arteko hartu-emana. Legeak ijito herriaren aurka hainbeste gogortu ziren ze, euskal lurretako zenbait lekutan ijitoen presentzia debekatzeraino heldu zirela.
P.A.: Edozelan ere, hartu-emanak aurrera jarraitu zuen, eta hartu-eman horrek, gerora, erromintxela hizkeraren sorrera ekarri zuen: hizkuntza bien arteko nahasketa, gugaz ekarri genuen erromanesaren eta euskararen artekoa. Zoritxarrez, galdu egin da, erromanesagaz gertatu den legez.
J.R.: Erromintxelak erakusten du hartu-emana ez zela legeek adierazten zuten bezain txarra izan. Familia batzuek euskal kultura euren kulturaren parte egin zuten. Baziren ijito txistulariak, eta baziren euskal herriaren bereizgarri den txapela janzten zuten ijitoak ere; badaude hori egiaztatzen duten argazkiak. Abizen batzuk ere hartu zituzten, hala nola Etxebarria eta Etxepare.
Uste duzu gizarteak benetan ezagutzen duela ijito herriaren historia eta hark egindako ekarpena?
J.R.: Ez, ijito herriaren historia guztiz ikusezin egin dute. Zelan izan liteke Europan, Penintsulan eta Euskal Herrian mende askotan zehar gutxiengo etnikorik handiena izan den herria historiako liburuetan ia agertu ere ez egitea? Zelan izan liteke Penintsulako gutxiengo etnikorik handiena hain ikusezin egotea? Unibertsitateetan berbaldiak ematen ditugunean eta ijito herriaren historia hainbat profesionalengana hurbiltzen dugunean, galdera bera egiten dugu: zuen ibilbide akademikoan, inoiz berba egin al dizuete ikasgelan ijito herriari buruz? Erantzuna ezezkoa izaten da. Gure historia ez dago jasota. Are gehiago, ia ez dago ijito herriaren gaineko aipamenik, eta, agertzen denean ere, askotan ikuspegi marjinal batetik egiten da, delinkuentziagaz lotuta. Ipuinetan ere gaizto edo lapur legez agertzen gara. Hau da, agertzen garenean ere, ez da gure historia eta gure kultura ezagutarazteko, ijito herriaren kulturagaz zerikusirik ez duten jokabide batzuekin lotzeko baino.
Zuen berbaldietan ijito herriaren gainean dauden aurreiritzietan ere azpimarra egiten duzue. Zeintzuk dira aurreritzi horiek eta zelan agertzen da gaur egun?
P.A.: Egunerokoan bizi dugu, bizitzako esparru guztietan: ikastetxeetan, lan munduan, etxebizitza bat bilatzeko orduan edo lan bat aurkitzen ahalegintzen garenean. Horren adibide da Neurtu 2022 barometroa, Ikuspegik egindakoa. Euskal gizarteak ijito herriagazko dituen pertzepzioak eta jarrerak aztertzen ditu. Hasieran, galdera orokorrak egiten direnean, jendeak politikoki zuzen erantzuten duela dirudi. Adibidez, galdetu zutenean ea euren burua arrazistatzat zuten, gehienek ezetz zioten. Baina galderak sakontzen hasi zirenean, errealitatea beste modu batekoa dela ikusi zen. Etxebizitzaren arloan, esaterako, hamar pertsonatik lauk baino gehiagok aitortu zuten ijito bati etxebizitza alokatzea saihestuko zuketela edo ez zioketela alokatuko. Hezkuntzan ere antzeko zeozer gertatzen da: hamar pertsonatik ia lauk ez lukete gura euren seme-alabak ijito adingabe asko dagoen ikastetxe batera joatea. Eta, lan munduan, hamar pertsonatik ia hiruk aitortu zuten nahiago zuketela ijito bat lanerako ez kontratatu, prestakuntza eta esperientzia bera izanda ere. Beraz, gure bizitzako esparrurik garrantzitsuenetan ikusten dugu, zoritxarrez, aurreiritziek eta ijitoen kontrako arrazakeriak oraindino ere presentzia handia dutela.
J.R.: Beste galdera batek ere ondo erakusten du ijitoekiko dauden aurreiritziak. Esaterako, galdetzen denean ea gustatuko litzaiekeen euren seme-alabak pertsona ijito bategaz ezkontzea. Galdera horretan, hainbat kolektibo edo gutxiengo aipatzen da, eta horien aurrean jendeak duen jarrera neurtzen da. Ijito herria azken postuan agertzen da erantzunetan; hau da, kolektibo horien artean aurreiritzirik gehien sortzen duena da.
Eskuin muturreko diskurtsoek indarra hartu dute azken urteetan. Testuinguru horretan, uste duzue horrek eragina izan dezakeela ijito herriak jasaten dituen aurreiritzietan eta diskriminazioan?
J.R.: Ondorioak pairatuko ditugu. Beharbada oraindino ez ditugu hain argi ikusten, eskuin muturra ez dagoelako agintean, eta are gutxiago Euskal Herrian. Baina boterera helduz gero, oso modu nabarmenean pairatuko ditugula uste dut. Izan ere, eskuin muturra arrazista da, beti izan da, eta ez dut uste hori aldatuko denik. Gaur egun, gainera, gorakada bat dago Europa osoan, eta herrialde asko eskuin muturrerantz lerratzen dabil. Immigrazio eta egoera irregularrean dauden pertsonen auzia erabiltzen dabiltza botoak erakartzeko eta gizartearen egonezina euren alde bideratzeko. Horretarako, etorkinei buruzko gezurrak eta informazio faltsuak zabaltzen dituzte, eta horien bitartez kanpaina politikoa egiten dute. Kalte handia egiten dutela uste dut.
Zer garrantzia du hezkuntzak ijito herriaren aurreiritziei aurre egiteko? Zertan hobetu daiteke?
P.A.: Kale Dor Kayiko 1989an sortu zen, helburu argi batekin. Sortzaileek ulertzen zuten ijito herriak gizartearen aurrean berdintasunezko baldintzetan egoteko duen aukera bakarra ikasgeletatik igarotzen dela. Hezkuntzan dago benetako aldaketarako eta ijitoen eta ijitoak ez direnen arteko benetako bizikidetzarako gakoa. Ildo horretatik, aspalditik ari gara saiatzen ijito herria curriculumaren barruan egon dadin eta txikitatik ijito herriari buruz ikas dadin. Egoera aldatu dadin hezkuntza funtsezko zutabea da. Gehiago ezagutzetik gure herriarekiko aitorpena dator eta aitorpenetik errespetua. Hezkuntza funtsezko zutabe eta tresna da bide horretan.
Datozen urteetara begira, zer aldaketa edo aurrerapauso ikusi gura zenituzkete ijito herriaren eta gizartearen gehiengoaren arteko hartu-emanean bide onean goazela sentitzeko?
P.A.: Nik neuk honela ikusi gura nuke egoera hemendik 10-15 urtera: egunerokoan aurkitzen ditudan profesionalen artean ijitoak ere egotea. Adibidez, ikastetxe batera eskaera bat egitera joaten naizenean, arreta ematen didana ijitoa izatea; edo errenta aitorpena egitera, medikuarengana edo tailer mekanikora joaten naizenean, ni hartzen nauena ijitoa izatea. Gure presentzia gizartearen esparru guztietan normalizatuago dagoen seinalea izango litzateke hori.
J.R.: Aurreko legegintzaldian lau pertsona ijito zeuden Espainiako Parlamentuan, eta lau alderdi politiko desberdinetakoak ziren. Haien artean ados ipini, eta ijitoen kontrako arrazakeria delitu legez jaso zen 'Zerolo legea' deritzon legean. Pertsona ijitoak botere-guneetan eta ahotsa duten erakundeetan daudenean, aukera handiagoa dago gauzak lortzeko. Gizartearen maila eta esparru gehiagotan behar dugu ordezkaritza.
P.A.: Ijito herriak antzekotasun handia du Euskal Herriagaz. Herri biak jazarriak izan gara urte luzez, eta esperientzia hori partekatzen dugu. Hori dela eta, uste dut elkarregaz ikasi dezakegula, eta bagabiltza elkarregaz bidea egiten, elkar ulertzen eta elkarregaz bizitzen, ahaztu barik gu ere euskaldunak garela. Lan horretan jarraitu behar dugu aurrerantzean.
|
Erromintxela, euskal ijitoen hizkera Erromintxela euskal ijitoek erabilitako hizkera da, erromanesaren eta euskararen arteko hartu-emanetik sortu zena. "Erromintxela ez da euskararen eta erromanesaren arteko nahasketa linguistiko bat bakarrik. Mendeetan euskal lurretan bizi izan diren ijitoen eta euskal gizartearen arteko hartu-emanaren ondorio da, eta komunitate bien arteko hartu-emana islatzen du", azaldu du Jon Jimenezek. Izan ere, erromintxelak "erromanesaren ondare lexikoa eta euskararen egiturak uztartzen ditu, eta tokian tokiko euskararen ezaugarriak ere hartu izan ditu".
Hizkera hori ezagutzeko bidean, Kale Dor Kayiko elkarteak urrats garrantzitsua eman zuen 1995 eta 1996 artean egindako ikerketak. Euskaltzaindiagaz eta Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia Sailagaz elkarlanean, ikerketa soziolinguistiko bat abiatu zuten erromintxelaren komunitatea eta hizkera aztertzeko. Lanaren emaitzek erromintxelaren ezaugarri linguistikoak eta euskal eta ijito komunitateen arteko hartu-emanaren arrastoak jasotzeko aukera eman zuten. Ikerketa ez zen osorik amaitu, baina ordutik beste ikertzaile batzuek ere erromintxela aztertzen jarraitu dute. Dokumentala Azken urteotan, beste lan batzuek erromintxela berriro ere ikusgarriago egiten lagundu dute. Horien artean dago Erromintxela. Senderos y raíces dokumentala, Marta Las Herasek eta Ainhoa Zamanillok zuzenduta dagoena. 2024ko azaroan estreinatu zuten, eta erromintxelaren historia eta ijitoen eta euskal herritarren arteko hizkuntza eta kultura-harremana ditu ardatz. Dokumentalak gogora ekartzen du erromintxela euskararen eta erromanesaren arteko hartu-emanaren emaitza dela, eta gaur egun hizkera horren hiztunen arrastoa oso txikia dela. "Oso dokumental landua eta interesgarria da eta ijito herriari nahiz erromintxelari buruz gehiago jakin gura duenarentzat aproposa", uste du Jiménezek. Dokumentalak UNESCOren Euskal Herriko Elkartea den UN Etxeak bultzatutako 'Dame 1 Minuto de – Palabras' lehiaketaren 13. edizioa irabazi zuen iaz. |
