60 komertziok euren produktuak kalera aterako dituzte asteburuan

M.Z.

Dendak Baiko kideak eta politikariak ekimenaren aurkezpenean.

Irailaren 18an eta 19an izango da Dendak Bai Fest Kalean iniziatiba, Durangon. Hainbat ekimen egongo da.

Bihar, irailak 18, eta etzi, irailak 19, Dendak Bai Fest Kalean ekimena egingo dute, Dendak Baik antolatuta. Ekimenaren asmoa herriko merkataritza Durangoko kaleetara eramatea izango da, gune komertzial nagusiak animatu eta asteburu osoan zehar giro berezia sortzeko. "Ekimen berri honegaz, herriko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitu gura dugu, eta durangarrak eta inguruko herrietako herritarrak Durangoko kaleetatik ibiltzera, saltokiak ezagutzera eta jarduerez gozatzera gonbidatu gura ditugu", azaldu dute Dendak Baiko kideek. 

Hori horrela, egun bi horietan, Dendak Bai Fest Kalean ekimenean parte hartzen duten komertzioek euren jardueraren zati bat kalera aterako dute, euren produktuak denda aurrera aterako dituzte.  

Programazio berezia

Bestalde, komertzioek antolatutako ekintzez gainera, Dendak Baik programazio berezia prestatu du astebururako, kaleak girotu eta festa giroa sortzeko. Barikuan, esaterako, 16:30etik 20:00etara, puzgarriak eta aurpegi-margotzea egongo dira Ezkurdiko plazan. 

Zapatuan, 10:00etatik 13:30era, Andra Marian ludoteka, jolas erraldoiak eta aurpegi-margotzea egongo dira. Eta 12:30etik 14:30era kantu poteoa egongo da, Txerokiak taldeak girotuta. Kantu poteoa Xixilu tabernan hasiko da eta Alde Zaharreko hainbat leku zeharkatuko du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!