Durangoko Udalak eta jai batzordeak sanfaustoei begirako hiru nobedade jakinarazi dituzte goiz honetan: aurtengo txupineroak zeintzuk izango diren argitu dute, baita jaiak zein kartelek iragarriko dituen aurreratu ere. Aurten, Sasikoa areto-futboleko taldeak botako du jaien hasierako txapligua udaletxeko balkoitik. Taldea zorioneko dago gainera, 30 urteko bidea betetzeaz aparte, areto-futboleko Ohorezko Mailara igotzea lortu berri duelako. Francis Muñoz taldeko presidenteak esker oneko berbak izan ditu prentsaurrekoan, eta pregoia "ahal bezain era duinean" defendatuko dutela iragarri du. "Izugarria izango da jaiak barru-barrutik bizitzea, zer esanik ez herrikide boluntarioen lana gertutik ezagutzea", esan du Muñozek. Jesica Ruiz jaietako zinegotziak futbol taldearen ibilbidea txalotu du bere hitz hartzean: "Sasikoak komunitatea eratu du urterik urte, kirola sustatu du, eta bidea zabaldu die belaunaldi berriei. Beti erakutsi dute jarrera konprometitua". Halaber, udal programako txapligu nagusia urriaren 10ean jaurtiko dela iragarri du Ruizek.
Jesuitak ikastetxeko kideak, pozarren
Urtero-urtero Durangoko ikastetxe batek izaten du Umeen Eguneko txapligua botatzeko ardura, eta, aurten, urteetako hurrenkerari jarraituta, Jesuitak ikastetxearen txanda izango da. Gaurko prentsaurrekoan Mikel, Udane, Malen eta Eukene ikasleak egon dira, eta argi utzi dute ikastetxeko mezua bikain partekatuko dutela jaietan. "Oso pozik gaude, eta asko gozatuko dugula uste dugu. Kuadrillen ekintzetan parte hartzen dugu, tortilletan zein mozorroetan. Zezenak ikustera joaten gara gurasoekin. Barraketara, txurroak jatera. Gogotsu gaude, eta mezua primerakoa izango dela uste dugu", esan dute. Ikasleekin batera ikastetxeko koordinatzailetako bat egon da: Moises Urien. Arduradunak nabarmendu duenez, mezuak "euskara, mundu bidezkoago baten aldeko jarrera eta elkarlana" izango ditu osagai. "Jesuitak ikastetxeko balioen isla", hain zuzen ere.
Elene Atutxa garaile
Sanfaustoei loturiko nobedadeek hirugarren izen bat ere utzi dute: Elene Atutxarena. Durangarrak irabazi du jaietako kartel lehiaketa, Jaietako taupadak lanagaz, eta, horrenbestez, bere diseinua ikusi ahalko da jaietako euskarri bakoitza laguntzen. Berea izan da lanik bozkatuena, lehiara 28 kartel aurkeztu eta zazpi finalisten artean 76 boto jaso ondoren. "Jaietako arima islatzen ahalegindu naiz, eta elementu ugari txertatu dut horretarako. Jaietako poza, energia. Ekitaldiak bere horretan irudikatu barik, herritarrak eurak irudikatzeko hautua egin dut", azaldu du diseienatzaileak.
Aurtengo sanfaustoak urriaren 10etik 18ra ospatuko direla iragarri du Jesica Ruizek. Egitarauko eduki osoa "laster" argituko dutela gaineratu du.