Mugarra Triatloi Taldeko emakumeak azpitxapeldun geratu dira Euskadiko Sprint Txapelketan

J.D.

Mugarra Triatloi Taldeko kideak podiumeko ezkerreko aldean.

Irati Garaizabalek eta Paule Miotak, taldeka ez ezik, banako txapelketan ere azpitxapeldun amaitu dute bakoitzak bere mailan.

Joan zen asteburuan triatloien Euskadiko Sprint Txapelketa lehiatu zuten Zumaian eta Mugarra Triatloi Taldeak emaitza aipagarriak lortu zituen. Emakumezkoen taldeak Euskadiko azpitxapeldun amaitu zuen proba, Irati Garaizabal, Paule Miota eta Larraitz Caballero taldekideen denborei esker.

Gainera, banakako lehian ere podiumera igo ziren Mugarra TTko bi triatletak. Garaizabal Euskadiko azpitxapeldun geratu zen jubenil mailan eta Miotak beste hainbeste lortu zuen 23 urtez azpikoan. Biak lasterketako lehen hamarretan sartu ziren: Garaizabal zazpigarren izan zen sailkapen nagusian eta Miota zortzigarren.

Jare Basaurik ere lan oso ona egin zuen kadete mailan, supersprint distantzian. Mugarra TTko triatleta laugarren sailkatu zen Euskadiko txapelketan, podiumetik gertu.

Mutilen jubenil mailan zortzigarren eta bederatzigarren sailkatu ziren Markel Gonzalez eta Kimetz Basauri, hurrenez hurren. Azkenik, gazte mailan bosgarren geratu zen Eneko Alberdi. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!