Neskak Txapela zazpigarrenez jokatuko da zapatuan Durangoko Arripausuetan

J.D.

DRT Goienkalen duen egoitzan egindako aurkezpeneko irudia.

Durango Rugby Taldeak antolatutako txapelketan bost euskal talde eta Zaragozako beste bat arituko dira.

Durango Rugby Taldeak Neskak Txapelaren zazpigarren edizioa aurkeztu du. Zapatuan, irailaren 19an, jokatuko da txapelketa Arripausueta zelaian, eta 14:30ean hasita, 20:00ak ingurura arte luzatuko da. Azken finalak 17:30etik aurrera jokatuko dira.

Neskak Txapela neskek euren artean jokatzen duten Euskal Herriko txapelketa bakarra dela nabarmendu dute aurkezpenean. Guztira sei taldek parte hartuko dute; Zaragozako batek eta bost euskal taldek: Durango Rugby Taldea, Geurea, Bilbo, Gasteiz eta Uribealdea.

Eli Prieto DRTko kapitainarentzat, “ohore handia da zazpigarren edizioan parte hartzea”. Horrelako txapelketak antolatzea “garrantzitsua” dela azpimarratu du, eta herritarrak Arripausuetara bertaratzera gonbidatu ditu.

DRTk 30 jokalari baino gehiago
DRTko nesken taldeak 30 fitxa baino gehiago ditu aurten, eta, ondorioz, taldeak bere kabuz lehiatuko du denboraldi honetan. Iaz, Uribealdearekin batera atera behar izan zuten taldea.  Hazkunde horretan eragina izan dute "ate irekien jardunaldiek eta ahoz ahokoak", DRTtik azaldu dutenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!