"Fanfarrea kamaleonikoa gara; leku guztietara moldatzen gara"

Aritz Maldonado

Sugarri fanfarreako kideek "gertukoenekin eta kalean" ospatuko dute  taldearen 50. urteurrena. Durangogaz eta durangarrekin lotura estutu dute urteetan, makina bat bider girotu dituztelako bertako taberna, izkina eta txokoak. Joseba Apariciok urteak daramatza Sugarrigaz kaleak girotzen. Oriotarra sortzez, Zornotzan bizi da gaur egun. Gaur egun Sugarri osatzen duten hamalau kideetako bat da, eta musikarietariko asko durangarrak izan ez arren, urteekin hartu-eman estua garatu dute herriagaz; orain bost hamarkada taldea sortu zutenetako kideak ere omendu gura dituzte zapatuan. 

Sugarri errotuta dago Durangon.
50 urte ez dira egunero egiten, eta, gainera, unerik onenean harrapatu gaitu. Eta bai, azken urteetan Durangoko herriak sekulako babesa erakutsi digu; gazteak-eta, gurekin egoten dira abesten eta dantzatzen irteten garen bakoitzean, eta hori oso pozgarria da. Udalak ere bere esker ona adierazi digu behin baino gehiagotan, eta auzoetako festetan eta herriko jaietan ere jo ohi dugu.

Durangotik kanpora ere aritu izan zarete. 
Egia esanda, gauza asko egin dugu Durangotik kanpora ere, oso txaranga internazionala gara. Hainbat sari jaso dugu eta asko bidaiatzen dugu Euskal Herrian zehar, eta baita kanpora ere. Eta zer gutxiago Durangori merezi duen ekarpena egitea baino? Bertan egin gura genuen ospakizuna, eskertza gisa. Gainera, oraindik ere Durangon entseatzen dugu, bertan lokala utzi digute eta. Beraz, bai udalari baita kuadrillei ere, nolabait euren babesa eskertzeko modu bat dira zapatuan egingo dugun harrera ekitaldia eta gerokoak ere. Eskaini digutena itzuli gura diegu, beti gure ondoan egon direlako. Aldi berean, zerbait xumea ere egin gura genuen, eta horregatik erabaki dugu bazkaria ingurukoekin egitea, adibidez. Gero bai, kalez kale ibiliko gara gure musikarekin, herritarrek beste behin ere ikus dezaten zer egiten dugun, zelako jaia sortzen dugun, azken finean. Azken urteetan, esan bezala, Durangoko festa guztietan egon gara, herrikoetan eta auzoetakoetan ere bai, eta oso pozik gaude horrekin, eta orokorrean durangarrekin.

Lehiaketak eta sariak irabazitakoak zarete. Non zabiltzate gusturago, horrelakoetan ala kalerik kale?
Kalea da gure mundua. Azken batean, lehiaketetara aurkeztu garen askotan gonbidatu gaituztelako izan da. Burgosen (Espainia), adibidez, lehiaketa garrantzitsu batean parte hartu izan dugu, baita Soraluzekoan ere (Gipuzkoa). Frantzian oso errotuta dago kaleko musika txapelketak egitea eta hara ere gonbidatu izan gaituzte. Gehien bat, eguna pasatzera joaten gara horrelakoetara, baina egiten dugun musika eta musika hori egiten dugun modua ikus dezatela ere bilatzen dugu. Hainbat sari ekarri dugu etxera, baina, berez, ondo pasatzeko asmoarekin joaten gara. Pozik gaude sariak jasota, garrantzitsua da, eta lana ondo egiten ari zaren seinale ere bada. Baina guri gustatzen zaiguna kalez kale ibiltzea da. Biharko festan ere horixe egingo dugu; goizean etorriko gara, udalari harrera egiteko, eskerrak emateko, protokoloa mantentzeko, nolabait, baina gero kalez kale ibiliko gara, festa giroan, beti bezala.

Kide asko pasatuko zen Sugarritik urte hauetan guztietan
Bai, asko! Urtez urte lan garrantzitsua egin da, eta, kostata bada ere, aurrera egiten dugu. Bakoitzak bere bizitza dauka, bere lana, eta ez da erraza esfortzu maila horri eustea, eta, denborarekin, batzuek utzi egin behar izan dute. Jende mordoa pasatu da 50 urte hauetan. Zerrenda bat egin dugu denak gogoratu eta gonbidatzeko. Argazkiak begiratzen egon gara, inor ez ahazteko; zoritxarrez, asko falta dira. Sortzaileetako batzuk ere gonbidatu ditugu, baina ez ditugu bertan izango, oso nagusiak direlako. Bisita egingo diegu, dena dela. Bazkaltzeko, ehun bat lagun batuko gara, kideak, kide ohiak eta familietako jendea ere bai.

Asko aldatu duzue errepertorioa azken 50 urteetan?
Musikak jaiak animatzen jarraitzen du. Errepertorioak beharbada eguneratu egin dira, urtetik urtera berritasunak sartzen, baina gu nahiko tradizional mantentzen gara. Kanpora joaten garenean konturatzen gara beste batzuek eboluzionatu egiten dutela, modernitatera, baina guk euskal puntu horri eusten diogu, euskal txaranga puntu horri. Dena dela, fanfarrea kamaleonikoa garela esango nuke, leku guztietara moldatzen gara eta; ikus gaitzakezu Donostiako danborradan, Aste Santuko prozesioetan, Iruñeko San Ferminetan zein Gasteizen blusekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!