Durangoko Udalak martxan ipini du Zahartze Aktiborako Programa. Gaurtik, irailaren 7tik, eta hilaren 18ra arte, 65 urtetik gorako durangarrek izen-ematea egiteko aukera izango dute. Aurten, 575 plaza eskainiko dituzte, iaz baino % 7,5 gehiago. Programaren helburu nagusia adinekoen bizi-kalitatea eta autonomia sustatzea ozango da, eta osasun fisikoa, adimena eta harreman sozialak landuko dituzte horretarako. Ohiko ikastaroetako batzuk mantenduko dituzte, hala nola memoria trebatzea, psikomotrizitatea, xakea edota antzerkia. Alabaina, berrikuntzak ere badira, besteak beste, artikulazio gimnasia, sendabelarren alderdi emozionalak, bihotzaren adimena eta atseden hartzeko teknikak.
Prestakuntza digitala eta arreta auzoetan
Teknologiak eta tresna digitalek tarte propioa izango dute programan. KZguneak doako ikastaroak eskainiko ditu smartphoneak, tabletak eta online izapideak segurtasunez erabiltzen ikasteko. Bestalde, arreta psikosozialeko 106 plazak herriko hainbat auzotara iritsiko dira: zerbitzua Adinekoen Udal Egoitzan eskaintzeaz gainera, Aramotzen, Madalenan, San Fauston eta Tabiran ere egingo dituzte tailerrak.
Izen-ematea eta prozedura
Tailerretan interesa dutenek irailaren 18ra arte eman dezakete izena Adinekoen Udal Egoitzan (Astarloa kalea, 1) edo www.durango.eus webgunean. Plazak mugatuak direnez, zozketa irailaren 23an egingo dute. Hautatuek SMS bidez jasoko dute abisua. Behin plaza lortuta, matrikula irailaren 25etik urriaren 2ra bitartean formalizatu beharko da. Prezioei dagokienez, ikastaro luzeek 14 euroko kostua izango dute eta laburrek 7 eurokoa. KZguneko informatika-ikastaroak, berriz, guztiz doakoak izango dira. Informazio gehiago nahi dutenek 94 465 74 51 telefono-zenbakira deitu edo adintek@durango.eus helbidera idatzi dezakete.