Pilar de Zubiaurre hurbilagotik ezagutzeko aukera egongo da bihartik aurrera Durangoko Museoan

Aritz Maldonado

Pilar de Zubiaurreren obrak, argazkiak eta dokumentuak batzen dituen 'Landabarrenako damia' erakusketa aurkeztu dute gaur Durangoko Arte eta Historia museoan. Erakusketa irailaren 8tik azaroaren 29ra arte egongo da ikusgai. 

Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariaren berbetan, "luzaroan" egon dira erakusketa prestatzen, 2023tik, hain zuzen ere. "Zubiaurre anaiak bloke bat bezala ikusi izan dira beti, eta idea horrekin apurtu gura genuen. Duela hiru urte Ramonen erakusketa egin genuen, eta oraingoan beste pauso bat eman gura izan dugu. Zubiaurretarrak ez ziren Ramon eta Valentin bakarrik, Pilar ere bazegoen, eta berak izan zuen eragina eta garrantzia azaldu nahi dugu". Arrizabalagak komisario lanak egin ditu erakusketan. Aurkezpenean Pilar Gutierrez de Zubiaurrek ere parte hartu du, Pilar de Zubiaurreren ilobak. "Emakume bezala, idazle bezala edota lagun bezala, arrastoa utzi zuela uste dut, are gehiago, familiaren ondarearen arduradun bezala ere. Umea nintzela hil zen bera, baina urteekin, gehiago ezagutzen joan naiz, etxean genituen argazki, gutun edota dokumentuei esker", azaldu du hunkiturik. 

Hiru multzotan dago banatua Landabarrenako damia. Lehenengoan, Pilar de Zubiaurreren alde sortzaileena azaltzen da. Bigarrenak, garaitarrak artista, idazle eta intelektual desberdinekin izandako harremanak ditu ardatz. Hirugarren esparruan, ostera, alde familiarrena erakusten du. "Garai beretzako zein garrantzitsua zen erakusten zuen ahal zuen guztietan", gogoratu du Pilar Gutierrez de Zubiaurrek. 

Bestalde, Ainhoa Olaso eta Markel Onandia filmatzen ari diren Landabarrenako damia dokumentaleko elementuak ere egongo dira ikusgai erakusketan. Bertan egongo dira, besteak beste, Iruri Altzerrekaren bertso bat, Maite Arroitajauregiren abesti bat, Arrate Rodriguezen ilustrazio bat. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!