Durangoko Udalak lehiaketa publikora atera du Tabirako kirolgunean aldagela berriak eraikitzeko obra. Oinarrizko aurrekontua 1.086.774,73 eurokoa da. Proiektu horren bidez, egoera txarrean zegoen eta jadanik botata dagoen eraikin zaharra ordezkatuko dute, bai udan igerilekuen beharrei erantzuteko, bai instalazioak urte osoan zehar erabili ahal izateko.
Eraikin berriak lau aldagela kolektibo, mugikortasun urriko pertsonentzako gune egokituak, komunak, botikina eta biltegiak izango ditu. Gainera, taberna modura erabiltzeko eraikin independentea atontzea ere aurreikusi dute.
Lanak gauzatzeko epea sei hilekoa da. Enpresa interesdunek irailaren 15era arte aurkeztu ditzakete eskaintzak Durangoko Udalaren Kontratatzailearen Profilean (www.durango.eus).