Mugarra Triatloi Taldea urriaren 3an Tabiran egingo den Durangoko Mendi Duatloia prestatzen ari da. Aurten ere, kirol hitzorduak egun osoa hartuko du, eta mendi duatloi nagusirako izen-emateak zabalik daude dagoeneko Rock The Sport plataforman, Mugarra TTko kideek ohar batean jakinarazi dutenez.
Arratsaldeko proba 16:00etan hasiko da bakarkako modalitatean. Parte hartzaileek 8,51 kilometro korrika egin beharko dituzte lehenik, eta ondoren 18,8 kilometroko bizikleta ibilbidea osatu. Bikotekako modalitatean, berriz, irteera 16:05ean izango da. Kasu horretan, bikoteko kide batek korrikako zatia egingo du eta besteak bizikletakoa.
Aurtengo edizioan, gainera, ibilbidea berritu egin da, eta Mugarra Triatloi Taldeak aurreko urteetako parte-hartze kopuruak gainditzea espero du. Bakarka zein bikoteka parte hartzeko aukera egongo da.
Goizean beste hainbat proba
Dena den, urriaren 3ko jardunaldia goizean hasiko da. 10:00etatik aurrera, Tabirako Ermita parkeak hainbat proba hartuko ditu: haurrentzako lasterketak, duatloi herrikoia eta lasterketa inklusiboa.
"Aurten duatloi herrikoiaren formatua erabat berritu da, proba herritarrengana gehiago hurbiltzeko eta ahalik eta jende gehienak parte hartzeko moduko jarduera bihurtzeko", azaldu dute. Horretarako, ibilbidea eta proposamena parte hartzaile guztientzat "eskuragarriagoak" izan daitezen egokitu dira. Gainera, duatloi herrikoia bikoteka egin ahalko da, batek korrika eta besteak bizikletan. "Mugarra Triatloi Taldearen helburua argia da: herritarrak animatzea proban parte hartzera, eta duatloia lehen aldiz probatzeko aukera ematea".
Goizeko probetan parte hartzeko izen-ematea egun berean egin ahal izango da, Tabirako Ermita parkean bertan.