Andraguneak aholkularitza juridikoa ere eskainiko die indarkeria matxistaren biktimei

Ekaitz Herrera

Durangoko ordezkari politikoak eta Andraguneko teknikariak goiz honetako agerraldian.

Zerbitzu berriari eskerrak, abokatu batek kontsulta juridikoak eskainiko dizkie biktimei. Bestalde, ikastaro berriak batu dituzte ahalduntze eskolara: boxeoa eta twerkinga egongo dira neska gazteentzat, eta Irakurketa Erraza urritasunen bat edo alfabetatze berantiarra izan duten herritarrentzat. 

Andraguneak zerbitzu berriak inauguratuta hasi du ikasturtea, eta Indarkeria Matxistaren Unitateak tresna berri bat izango du aurrerantzean: biolentzia matxistaren biktimei laguntzeko aholkularitza juridikoa. Zerbitzua Reyes Goikoetxea abokatuak eskainiko du, eta zalantza juridikoak argitzea izango du helburu. Halantxik iragarri du goiz honetan Jesica Ruiz Durangoko berdintasun zinegotziak: "Zerbitzu berria irailaren 16tik aurrera egongo da martxan.  Andraguneko teknikariek koordinatuko dituzte abokatua eta kontsulta juridikoak egin gura dituztenak", aurreratu du. Zerbitzua eguaztenetan eskainiko dute, Andragunean bertan, 15:00etatik 19:00etara. 

Ikasturteko beste nobedade batzuk ahalduntze-ikastaroetan topatu daitezke, Andraguneak emakume gazteak erakartzeko ikastaro bi antolatu ditu-eta: boxeoa eta twerkinga. Kety Arrabal berdintasun teknikariak argitu du boxeo saioak Andragunean bertan eskainiko dituztela, eta alde fisikoa zein indarra lantzeaz gainera, ahalduntzea eta jabekuntza landuko dituztela. Bestalde, ikastaro berri bat ere aipatu du Arrabalek: Irakurketa Erraza, "urritasunen bat duten herritarrentzat zein alfabetatze berantiarra izan dutenentzat zuzendua". Ikastaro horretan irakurgai feministak landuko dituzte.

Eskaintzan beste tailer hauek ere badaude: Biodantza, antzerkia, kantua, Chi Kung, autoestimua lantzeko saioak, egunerokotasuneko konponketa lanek, emakume migratuen taldeak zein batukada. Autodefentsa feministarako ikastaroa ere prestatu dute, baina talderen batek berariaz eskatzen badu bakarrik eskainiko dute. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!