"Ile-apaindegia nire bizitza izan da; bezeroak asko maite izan ditut eta eurek ni ere bai"

Aitziber Basauri

Maite Ereño, Andra Marian izan duen ile-apaindegian.

Maite Ereñok (Durango, 1946) bizi osoa eman du ile-apaintzaile legez Durangon. Maite du bere ofizioa eta joan zen ekainera arte izan du zabalik ile-apaindegia, 46 urtez.

Noiz hasi zinen ile-apaintzaile?
14 urtegaz, Alazne Larrinagagaz. 15 urtegaz Bartzelonara (Herrialde Katalanak) joan nintzen Llonguerasegaz ikastera. Urtebete egin nuen han. Lehenengo ile-apaindegia 23 urtegaz zabaldu nuen, Kurutziagan. Geroago, Andra Marira aldatu nuen, eta 46 urtez mantendu dut zabalik. Ilea apaintzea bokazio izan dut, izugarri gustatu zait nire lana.

Asko aldatu da ile-apainketa.
Guztiz. Lehen lan asko egiten zen, eta mimo handiagaz. Gaur egun samurragoa da, ile-apaindegi batzuetan errulorik ere ez dago. Batez ere, ilea apaintzeko teknikak aldatu dira. Bestalde, bezeroekin hartu-emana beste modu batekoa zen lehen. Gauza asko kontatzen zizuten. Psikologoak ere baginen, apur bat. Bartzelonan ikasi nuenean, psikologia eskolak ere hartu nituen. Oso garrantzitsua da entzuten jakitea. Orrazteko eta ilea mozteko, beharrezko tresna guztiak ez ezik, egoten jakitea ere ezinbestekoa da, bezeroekin denbora ematen dugu eta.

Sekretu asko gordetzen duzu?
Asko! Lanean hasi nintzenean aitak esan zidan, "zuk entzun, ikusi eta isilik egon". Eta halaxe egin dut. 

Atzera begiratuta, zer sentsazio duzu? Zeren falta igarriko duzu?
Kostatu zait ileapaindegia ixtea, eta bezeroekin izan dudan hartu-emanaren falta igarriko dut gehien. Seme-alabek ere esana zidaten nahikoa egin nuela, eta azkenean ekainean erretiratu nintzen. Ile-apaindegiak dena eman dit, bete egin nau. Oso pozik aritu naiz lanean. Gainera, ia 30 urtez nigaz lanean ibili den Agurtzane ere hor egon da beti. Sasoi batean, zortzi langile ere izan ditut. Bezeroak Zaldibartik, Berriztik, Elorriotik, Zornotzatik... etortzen ziren orraztera edo ilea moztera. Orain jendea ez doa ile-apaindegira lehengo moduan. 

Gutxiago joaten gara ile-apaindegira?
Bai. Batez ere, gazteak. Ilea luze daramate eta apur bat moztera baino ez dira joaten. Bizi osoan ile apaindegira astero etorri diren bezeroak izan ditut. Dena dela, nire moduko andre nagusi batzuek baino ez dugu ohitura hori mantentzen. Gazteagoak orain ez doaz gu lehen joaten ginen moduan. Ez du zerikusirik. Askok etxean tindatzen dute ilea, edo urdinduta eramatea erabaki dute. Askok uzten dute ilea urdintzen, lehen pentsaezina zen hori. 

Urteotan izandako teknika aldaketetara egokituz joan zara. 
Ganora izanez gero segituan egokitzen zara. Oso ondo irakasten ziguten. Ilea moztea da oinarria, eta beste kontu bat dira tindatzea, dekolorazioa, orrazkera, permanentea... Ikasteko eta teknika berrietara egokitzeko asko bidaitu dut Parisera, Madrilera, Bartzelonara... Egipton, Italian eta Holandan ere izan naiz. Ofizio honetan egunean egon beharra dago. Joerak aldatu egiten dira. Gizonak orain asko joaten dira.

Kalera beti apain irteten diren horietako zara?
Bai. Uste dut inoiz ez naizela kalera irten apaindu barik.

Zugan konfiantza izan duten bezero horiei zer esango zenieke?
Eskerrik asko! Pertsonekin lan egiterakoan denerik dago beti, baina beti pozik etorri naiz lanera. Gainera, bizitzako momentu latzak gainditzen lagundu dit. Ile-apaindegia nire bizitza izan da; bezeroak asko maite izan ditut, eta eurek ni ere bai.

MOTZEAN

Zeren falta igarriko duzu?
Denaren falta

Ile-apaintzaile egindako urteak definitzen duen berba?
Zoriona. Berriro jaioz gero, ofizio bera izango nuke.

Hondartza ala mendia?
Hondartza.

Durangoko txoko bat?
Txukun, koinatagaz iluntzero batzen naiz han.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!