Euskal Herriko Musika Bulegoak eta Durangoko Udalak Musik(H)abian programa ipini dute martxan, tokiko proiektu musikalei profesionalizazio bidean laguntzeko egitasmoa. Lau proiektu sarituko dituzte guztira, eta irabazleek garapen programa bat jasoko dute, horri eskerrak musika industriari loturiko negozio ideiak, zerbitzuak eta egitasmoak garatzeko. Sari horietariko bat Durangoko proiektu musikal batentzat dago gordeta, udalak horretarako lankidetza egin du-eta Euskal Herriko Musika Bulegoarekin.
Proiektu musikala deialdira aurkeztu gura dutenek zabalik daukate horretarako aukera. Irailaren 23an agortuko da proposamenak helarazteko epea. Besteak beste, proiektuaren deskribapena, helburu teknikoak eta artistikoak, orain arteko ibilbide profesionala, negozio ideia, xede publikoa, proiektuaren egungo egoera eta atzemandako beharrizanak aurkeztu beharko dituzte. Era berean, gehienez 500 hitzezko motibazio gutuna erantsi beharko dute. Hautagaitzak lotura honetan aurkeztu daitezke. Oinarriak www.durango.eus atarian kontsultatu daitezke.
Hamar asteko profesionalizazio bidea
Proiektu irabazle bakoitzak 40 prestakuntza-ordu izango ditu sari modura, lau orduko hamar saiotan banatuta, baita banakako mentoretzako 25 ordu ere. Parte-hartzaileek, gainera, lanerako gune bat izango dute Errenterian (Gipuzkoa) astelehenetik barikura erabiltzeko. Programak musika-sektorearen barruan proiektu profesional bat garatzeko funtsezko alderdiak landuko ditu, hala nola industriaren testuingurua eta funtzionamendua, negozio-ereduak eta lean start-up metodologia, produktuaren garapena eta MVP diseinua, marketina, jabetza intelektuala, plataforma digitalak eta zuzeneko ikuskizunak. Prestakuntza urriaren 14an hasiko da Errenterian eta, ondoren, batez ere Durangon garatuko da abenduaren 16ra arte.
Paule Sánchez Kultura zinegotzi eta Astarloa Kulturgintzako presidenteak nabarmendu duenez, “deialdi honekin bermatzen dugu Musik(H)abian programako lau proiektuetako bat Durangokoa izatea, tokiko talentuarentzat aukera zehatz bat sortuz. Ekimen hori guztiz bat dator etorkizuneko Durango Musika Aterpearen filosofiarekin: sorkuntzari laguntzea, proiektuak profesionalizatzea eta Durango euskal musikarako eta kulturarako erreferentziazko gune gisa finkatzea“.