Durangoko Pentsiodunen Mugimenduak datorren astelehenean, irailak 7, berrekingo die astelehenetako mobilizazioei. Udaletxearen pareko plazan batuko dira 12:00etan, "lehentasunezko eskariak" aldarrikatzen jarraitzeko: pentsio publiko duinen defentsa, batetik, eta osasun eta zaintza sistema publiko eta kalitatezkoen defentsa, bestetik. Era berean, egoera ekonomiko orokorrari begira ere ipiniko dira, nazioarteko "gerrak, armamentu gastuen igoera orokorrak, indar kontserbadoreen eta eskuin muturraren hazkundeak eta Ormuzeko itsasartea lako merkataritza bideen blokeoak" eragin zuzena dutelako bai Europan bai Euskal Herrian. "Horren adibide da inflazioaren hazkundea, uztailean % 3,6koa izan baitzen, eta Bizkaian % 3,7koa. Horren ondorioz, 2026an % 2,7ko igoera izan duten pentsioen
erosahalmenaren % 0,9ko galera izango da, baita KPIaren azpiko igoerak izan dituzten soldatena ere", azaldu dute pentsiodunek. Egoera horrek krisialdia eta ezegonkortasun ekonomikoa sortzen dituela gaineratu dute, eta testuinguru horrek elite ekonomikoei egiten diela mesede.
Era berean, erosketa saskiaren prezioak gorakada izan duela azpimarratu dute pentsiodunek, eta horren ondorioz, gaur egungo pentsioek duintasunez bizitzeko aukerarik ez dutela ematen iritzi diote. Eusko Legebiltzarra ere seinalatu dute, hark atzera bota zuelako 145.000 herritar baino gehiagok bultzatutako Herri Ekimen Legegilea. Proposamen hark osagarri bat sortzea eskatzen zion Eusko Jaurlaritzari, gutxieneko pentsio guztiak 1.080 eurora iritsi zitezen. Egitasmo hark, baina, ez zuen argirik ikusi, Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuelako gaiari buruz eztabaidatzeko tartea, EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin. Bestalde, Nafarroako osasun publikoa "okertzen" dabilela ere nabarmendu dute. Horregatik guztiagatik, kaleetan jarraituko dute "duela urte asko bezala aldarrikatzeko, lortu ditugun eskubideak, kalean ez bagaude, galdu egingo ditugulako".