Lucas Sarasketa durangarra Bilbao Athleticera batu da

J.D. 2026ko abuztuaren 31

Lucas Sarasketa. (Argazkia: Athletic Club)

Kimua mailan bi denboraldi egin zituen Athleticen harrobian, eta harrezkero SD Eibarren aritu da. 

Lucas Sarasketa durangarrak Bilbao Athleticen jokatuko du denboraldi honetan, Athleticek SD Eibarrekin akordioa lortu ostean. 19 urte ditu eta ezker hegalean jokatzen du, Athleticek ohar batean jakinarazi duenez. Eibarrekin egin du denboraldi-aurrea, eta lehen bi jardunaldietarako deialdian ere egon da.

Sarasketa bi denboralditan aritu zen Lezaman kimu mailan, Durangoko Jesuitak taldetik Athleticera heldu ostean. 2018-19 denboraldian Athletic utzi eta gero, SD Eibarren harrobian jarraitu zuen. Joan zen denboraldian, 20 partida jokatu zituen Eibarko bigarren taldearekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!