Durangoko Jai Berri taberna itxi dute, 25 urteko ibilbidearen ostean

M.Z. 2026ko abuztuaren 11

Durangon jaki berezien bila zebilenak, Kurutziaga kalean zeukan Jai Berri taberna, gaueko ordu txikiak arte zabalik zegoen jatetxea. Domekan baina azkenengoz ireki zuten berau Anouchka Dearman eta Roger Dearman neba-arrebek. "Tristura puntu bategaz, baina datorrenarekin ilusionatuta agurtzen gara", azaldu diote tabernako arduradunek ANBOTOri. 

Anouchka Dearman eta Roger Dearmanek 25 urteko ziklo bati amaiera eman zioten domekan. 25 urtez Durangoko Jai Berri tabernako arduradun izan diren neba-arrebek taberna ixteko garaia heldu zaiela aitortu diote ANBOTOri. "Hasieran jarri genituen helburuak bete ditugu, eta uste dugu belaunaldi berriei bidea emateko garaia iritsi zaigula", azaldu dute. 

25 urtetan hainbat eta hainbat bizipen bizi izan dituzte Dearman neba-arrebek barraren atzealdean, eta tabernari esker sortutako harremanak faltan botako dituztela aitortu dute. "Jai Berriri esker urte hauetan guztietan harreman asko sortu ditugu. Ikusi dugu jendea 25 urtez bertara etortzen; familia bereko lau belaunaldi ere ezagutzera iritsi gara. Zoragarria izan da" gehitu dute. 

Taberna "tristura puntu bategaz" agurtzen duten arren eta atzean utzitako guztiagatik "pena" sentitzen badute ere, datorrenari "ilusioz" begiratzen diotela esan dute. Bestalde, bezeroei eskerrak eman gabe ezin direla agurtu esan dute: "Mila-mila esker guztioi. Oso kontziente gara zuek gabe ezinezkoa izango zela honaino iristea".  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!