Durangon Tabirako futbol-7 zelaiko belarra berrituko dute abuztuan eta mantentze lanak egingo dituzte Landako II igerilekuan

Anboto 2026ko uztailaren 31

Belarra abuztuko lehen astean hasiko da kentzen, eta berria bigarrenetik aurrera jarriko da.

Durangoko Udalak abuztuan zehar bi hobekuntza-jarduera egingo ditu udaleko kirol-instalazioetan. Alde batetik, Tabirako futbol-7 zelaiko belarra ordezkatuko da, eta, bestetik, mantentze-lanak egingo dira Landako II igerilekuan ohar batean azaldu duenez.

Futbol-7ko zelaiaren kasuan, abuztuko lehen astean hasiko dira egungo belarra kentzen, eta bigarrenetik aurrera jarriko dute berria, udaletik zehaztu dutenez. Lanak abuztuaren 31rako amaituta egotea aurreikusi dute. Jarduera aurrekontu parte-hartzaileetatik dator, 48.373 euroko aurrekontua du eta Mondo Ibérica, S.A.U. enpresari esleitu zaio.

Bestalde, Landako II igerilekua itxita egongo da abuztuan, instalazioak mantentzeko, garbitzeko eta hobetzeko lanak egiteko. Lan horien artean daude igerilekuetako eta hidromasajeetako ontziak hustea, garbitzea eta desinfektatzea, baita ur bero sanitarioko metagailuak ere. "Garbiketa eta desinfekzio lan horiek legez nahitaezkoak dira, eta legionelari aurrea hartzea dute helburu", azaldu dute. Era berean, uraren tratamenduan erabiltzen diren iragazkietako harea deskonpaktatu egingo da, iragazketaren eraginkortasuna hobetzeko asmoz.

Lan horiek amaitu ondoren, beharrezkoa izango da instalazioak berriro urez betetzea, ura berotzen uztea eta berriz ireki aurretik kloroa eta pH-a bezalako parametroak egonkortzea. Igerilekuaren itxiera eta hustuketa beste mantentze eta hobekuntza-lan batzuk egiteko ere baliatuko dute, "baldintza horietan bakarrik" egin daitezkeelako. Aurten, besteak beste, hesi bat jarriko dute hidromasajeen artean, eta uretako bizikleten nahiz eskaileren soldadurak eta piezak berrituko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!