Urriaren 10etik 18ra ospatuko diren 2026ko San Fausto jaien harira, Durangoko Udalak herriko jaien irudia aukeratzeko kartel lehiaketa abiatu du. Aurkeztutako lanek jatorrizkoak eta argitaragabeak izan beharko dute, eta egile bakoitzak, gehienez, hiru proposamen helarazi ahal izango ditu. Nahiz eta gaia, kolorea eta teknika erabat libreak izan, lanek deialdiaren muina hartu beharko dute kontuan, eta Durangoko San Fausto jaien izaera islatzeko balio beharko dute.
Kartelek 70 x 50 zentimetroko neurria izan beharko dute, nahitaez bertikalean, eta testu hau jaso beharko dute derrigorrez: “SAN FAUSTO JAIAK 2026 / DURANGO / Urriaren 10etik 18ra”. Proposamenak https://partehartu.durango.eus udal plataforma digitalaren bidez aurkeztu beharko dira, dagokion eskaera-orria beteta, egilearen identifikazio-datuekin eta kartelaren goiburu edo izenburuarekin batera. Lanak JPG formatuan igo beharko dira, gehienez 20 megabaiteko tamainarekin.
Lanak aurkezteko epea abuztuaren 27ko eguerdiko 12:00ak arte egongo da zabalik. Lehiaketari buruzko argibide gehiago nahi izanez gero, herritarrek Udalarekin harremanetan jartzeko aukera dute 94 603 00 13 telefono zenbakira deituz. Lehiaketatik kanpo geratuko dira adimen artifizial sortzailearen bidez egindako edo diseinatutako elementuak dituzten lanak, dela osorik, dela zati batean.