Adrian Petralanda durangarrak 14 kilometroko Cameron Ultra lasterketa irabazi du Malaysian

Maialen Zuazubiskar 2026ko uztailaren 24a

Argazkia: Adrian Petralanda

33 urteko durangarra oporretan dago Malaysian. Bi mendi lasterketatan parte hartuko du. Bata joan zen zapatuan izan zen, eta garaipena lortu zuen. Bestea domeka honetan izango du. 

Adrian Petralanda durangarra geldirik egon ezin den horietakoa da. Bidaiatzea eta mendian korrika egitea bere pasioak dira eta biak uztartu ahal izan ditu bere azken bidaian. Malaysiara oporretan joan den arren, korrika egiteko tartea atera eta bi lasterketatan izena eman du durangarrak. "Bidaia prestatzen hasi nintzenenan Malaysian uztailean ea lasterketaren bat zegoen begiratu nuen. Hiru aurkitu nintuen, baina izen emate guztiak agortuta zeuden eta euretako bi egun berean ziren. Azkenean birsalmentan Cameron Ultra lasterketako dortsala erosi ahal izan nuen, eta beste lasterketa batean atzerritarra izatearrean izena ematen utzi zidaten", esan du Petralandak.

Pasadan asteburuan izan zuen Cameron Ultra lasterketa, 14 kilometroko proba, eta bertan bere kirol ibilbideko lehenengo garaipena lortu zuen Petralandak. "14 kilometroko lasterketan 700 korrikalari irten ginen. Hemengoagaz alderatuta oso ezberdina izan zen. Oihan batetik zehar ibili ginen, sustraiak zeuden leku guztietatik, ia ezin zen korrikarik egin, 100 metro korrika egin eta gelditu. Horrela denbora guztian", gaineratu du durangarrak. Baina oztopoak oztopo 33 urteko mendi korrikalariak bere kirol ibilbideko lehenengo garaipena lortu zuen. 

Bigarren lasterketa domeka honetan izango du. 12 kilometrokoa izango da. "Nire asmoa hemen 30 kilometroko lasterketaren bat egitea zen, baina ondo pentsatu eta zerbait laburragoa egitea erabaki nuen", bukatu du Petralandak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!