Osasungintza ibilbide luzea duen medikua da. Gainera, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleari lotutako ibilbidea egin du Diazek. Ahoko eta aurpegi-masailetako kirurgiako espezialista da eta orain arte zerbitzu horretako atalburua izan da. Lan klinikoa egiteaz gain, irakaskuntzan dabil Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle elkartu moduan, eta Biobizkaiari lotutako ikerketa-jarduera ere gauzatzen du. "Zalantza barik, pertsonalki harro nago ospitalea kudeatzeaz, bertan egin bainuen nire prestakuntza. Profesionalki, berriz, erronka berriak ditut orain; hazteko aukera paregabea da, eta nire esku dagoen guztia egingo dut erronka horiek betetzeko", azaldu du Diazek. Kargu berria hartzerakoan lehenetsiko dituen ildoak ere zehaztu ditu: "Pazienteak erdigunean jartzen dituen osasun-asistentziaren eta medikuntzaren alde lan egitea, betiere gogoan izanik ezinbestekoa dela profesionalak zaintzea".