Tabirako igerileku handia itxita gaur, bertan kaka egin dutela eta

E.H. 2026ko uztailaren 17a

Ezezagunek kaka egin dute Tabirako igerileku handian. Hori dela eta, igerileku hori zarratuta egongo da gaur. Udalak bestelako ekintza bandaliko batzuk ere salatu ditu: ezezagunek harrerako pertsiana eta kristalak apurtu dituzte, eta ateetako eskulekuak behartu. Horrez gainera, telefono mugikor bat ostu dute.

Durangoko Udalak publikoki salatu ditu ezezagunek Tabirako igerilekuetan egindako ekintza bandalikoak. Ezezagunek kalte material ugari eragin dute bart, baina gertakaririk larriena igerileku handian izan da: baten batek kaka egin du ontzi barruan. Hori dela eta, udala instalazioa ixtera behartuta egon da gaur, osasun-protokoloak aktibatu eta desinfekzio lan sakonak egiteko.

Bandalismoak arrasto nabarmenak utzi ditu igerileku esparru osoan. Erasotzaileek harrerako kristala eta pertsiana hautsi dituzte, sarbideak behartu dituzte eta mantentze-zerbitzuko telefono mugikor bat lapurtu dute. Tabernan ere sartu dira, eta han ere kalteak eragin dituzte: hozkailuak zabalik utzi dituzte, eta horregatik taberna ere itxita egongo da gaur.

Udalak "irmo" gaitzetsi ditu ekintzak, "herritar guztiei eta udal-zerbitzu publiko baten funtzionamendu egokiari" kalte egiten dietelako. Era berean, neurriak hartuko ditu instalazioen segurtasuna indartzeko eta antzeko gertaerak berriro ere ez gertatzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!