Zelan sortu zen ideia arte garaikiderako espazio bat sortzeko?
Ezkurdi aretoa baino ez zegoen orduan Durangon, EAEn erreferente bihurtu zen aretoa, baina ordurako indarra galtzen hasita zegoen. Dinamika horregaz jarraitu gura genuen, esparru pribatuan. Ilusioa genuen, gure mundua zen eta pauso bat aurrera eman genuen. Sei urtean mantendu genuen zabalik. Gero, artelan grafikoen edizioan aritu ginen urte batzuetan; artelan anizkuna egiterakoan prezioa ere arrazoizkoagoa da. Artistekin hartu-emanetan jarrita egiten genuen lan hori.
Gero Beittu Art Factory jaio zen.
Bizi osoa daramat marrazketa eta pintura eskolak ematen. Bada, orain dugun espazioa hartzea erabaki genuen, apur bat gehiago eskolak ematera bideratuta.
Zelako lana da ume eta helduengan sormena sustatzea?
Gogoko dut. Eskolak ematea bokaziozkoa izan behar da. Umeak irabazi egin behar dituzu, dibertitu egin behar dira. Helduekin desberdina da. Liluratu egin behar dituzu, baina prestakuntza guztietan legez, trebatu egin behar da, eta hori ez da egun batetik bestera gertatzen. Jarduera dibertigarri eta sortzaileak proposatu behar dira ilusioz jarraitzeko.
Gaur egun gatx da umeak artera erakartzea?
Umeek berezko joera dute marrazteko, pintatzeko eta plastikarako, baina aldi berean ohituta daude berehalako erantzunak edo emaitzak lortzera, eta hor talka sortzen da. Lehen, pazientzia handiagoa zegoela esango nuke. Helduekin berdin pasatzen da.
Pintatzeko pazientzia behar da.
Denbora behar da trebetasuna hartzeko, edozertan. Baloia jaurtitzeko ere bai. Pintatzeko, ikusmena hezi behar da, eta trebakuntzaz gainera eskumuturra landu behar da; ikusmena lantzearen besteko garrantzitsua du eskua lantzeak.
Zer garrantzia du sormena lantzeak?
Sormena dena da. Askatasuna, ispiritu kritikoa, segurtasuna eta autokonfiantza ematen ditu. Inoiz pentsatu bako bideak zabaltzen dizkizu, baita kirol jardueran ere. Bizitzari zentzua ematen diola esango nuke. Batzuek ziurtasuna behar dute lasai sentitzeko, eta sormenak hori deuseztu eta bide berriak topatzera eramaten zaitu. Konplikatua da, arriskutsua, baina askatasuna ematen du.
Baduzu momentu berezirik gogoan?
Asko! Ikasle bat bere bidea urratzen ikustea zoragarria da. Baita norbaiti lagundu diozula sentitzea ere.
'Premiazko pintura' erakusketa zabaldu duzu, aire zabaleko pintura lehiaketetan egindako lanekin.
Sortzeko modu horrek guztiz harrapatu nau azken 2-3 urteetan. Batez beste, bost ordu dituzu lana amaitzeko: gaia aukeratu, zelan egin erabaki, marraztu... Erronka bat da eta neure buruagaz dudan lehia horretan adrenalina askatzea gustatzen zait.
Zeintzuk erronka dituzu orain?
Margotzeko egun bat hartzeko luxua izatea. Erronkak hartuta pinturagaz dibertitzen jarraitzea.
Motzean
Pintura ala ilustrazioa?
Pintura.
Akuarela ala akrilikoa?
Momentu honetan gehiago liluratzen nau akuarelak.
Erretratoak ala paisaiak gurago dituzu?
Erretratoa.
Pintore bat?
Chien Chung Wei.
Beittu Art Factory da...
Ilusioa.