Musik(h)abian ekintzailetza programa aurkeztu dute Durangon

Aritz Maldonado 2026ko uztailaren 16a

Musik(H)abian programagaz Euskal Herriko hiru musika proiektu hautatu eta sustatuko dira; Durangoko Udalak sustatuko duen laugarren proiektu bat gehituko zaio deialdi honi. Hain zuzen ere, Euskal Herriko musika-ekosistema indartzeko helburuagaz antolatu du Musik(H)abian programa Musika Bulegoak, Durangoko Udalaren eta Jaurlaritzaren babesagaz; Errenteriako (Gipuzkoa) Agustinak Zentroaren babesa ere badu. Deialdia irailaren 16ra bitartean egongo da zabalik, gaurtik hasita. 

Durangok sorkuntzarekin duen konpromisoa erakusten du programa honek, Mireia Elkoroiribe alkatearen berbetan. "Proiektu honek sortzaileak, agente kulturalak, erakundeak, enpresariak eta ekintzaileak batzen ditu, Durangon bertan kultur eta musika ekosistema bat sortzeko", azaldu du. Iñigo Egitegi Musika Bulegoan Musik(H)abian proiektuaren arduradunak ekintzailetasuna nabarmendu du. "Musika-sektorearen behar erreal bati erantzuteko sortu da. Musikan talentua eta sormena ezinbestekoak dira, baina horiek bakarrik ez dira nahikoa proiektu bat sendotzeko. Musik(H)abianen helburua da ekintzaileei negozio-eredua definitzeko, erabaki estrategikoak hartzeko eta epe luzera iraunkorrak izango diren proiektuak garatzeko behar dituzten tresnak eta laguntza eskaintzea", gehitu du.

Honenbestez, lau proiektu hautatuei formakuntza saioak eskainiko zaizkie urriaren 14tik abenduaren 16ra; saio horiek Durangon eta Errenterian egingo dira. Gainera, proiektu bakoitzak 1.500 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du, parte hartzea errazteko. "Oso garrantzitsua da ekintzaileek prozesu hori bakarrik ez egitea. Programak prestakuntza, banakako mentoretza eta sektoreko profesionalekin harremanak izateko aukera uztartzen ditu, parte-hartzaileek beren proiektua ikuspegi integral batetik landu dezaten eta Euskal Herriko musika ekosisteman txertatzeko aukera izan dezaten", amaitu du Egitegik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!