Lehiaketa publikora atera dute honezkero: Durangoko Udalak martxan ipini du Eguzkintzan aisialdi ortuak atontzeko lizitazioa. Proiektuak 4.300 metro karratuko azalera hartuko du, eta horietatik 1.800 erabiliko dira ortu ludikoak egitea. Guztira, 50 metro koadroko 37 partzela sortuko dituzte. Hegoaldeko saihesbidearen aldamenean ipiniko dituzte.
Udalak azaldu duenez, ortuez gainera, landare-materiala birziklatzeko gune bat egongo da, ongarria eta estaldura bertan sortu ahal izateko. Horrez gainera, aldagelak eta tresnak gordetzeko etxola bat eraikiko dute. Zerbitzuaren prezioa 50 eurokoa izango da urtean.
Obrak egiteko aurrekontua 215.070,53 eurokoa da, eta lanek lau hilabete iraungo dute martxan ipintzen direnetik. Enpresa interesdunek uztailaren 29ra arteko epea dute proposamenak aurkezteko.
2027an martxan
Obrak egiten diren bitartean, udalak kudeaketa zerbitzua lizitatuko eta lurzatien zozketa antolatuko du herritarren artean. Ortuak 2027aren hasieran martxan egotea gura dute. Mireia Elkoroiribe alkateak proiektuaren garrantzia azpimarratu du: "Ortu hauekin Durango iraunkorrago baterantz pauso bat ematen dugu. Topaleku bat izango da, biodibertsitatea eta praktika arduratsuak sustatuko dituena".