Durangoko gobernu taldeak legealdiko lehen hiru urteen balantzea egin du. Gobernu Planean jasotako 100 ekimenen % 95 gauzatuta edo egikaritze-fasean daudela esan dute, eta plangintza horren helburu nagusietako batzuk mugikortasuna, etxebizitza eta zerbitzu publikoak direla gogoratu.
Proiektu nagusien artean, Tabirako kirolgunearen eta Landako IIko fitness aretoaren berritzea nabarmendu dituzte. Mugikortasunari dagokionez, Bide Berdearen azken fasea, Larrasoloetako aparkalekua, Antso Estegiz kaleko berrurbanizazioa eta bidegorri sarearen zabalkundea azpimarratu dituzte. Gainera, 2027ko urtarrilean bizikletak partekatzeko Bizkaibizi sistema martxan ipintzea aurreikusi dute. Egindako proiektuen artean, Merkatu Plazaren berritzea, Muruetatorren euskaltegia atontzea eta Madalenako plazaren berritzea aipatu dituzte. Etorkizunean martxan ipiniko direnen artean, berriz, Plateruena eta Pinondo Etxea berritzea, udal plaza handitzea, Saibi kalean adinekoen zentro berria egitea eta Kapitaneneko birmoldaketa daude.
Etxebizitzaren alorrean, udalerrian 530 etxebizitza babestu eraikiko direla aurreikusi du udalak. Bestalde, Gaitasun Handiko Zentroa (CAR) ere izan dute ahotan.