Oporrak Bakean programaren barruan etorri dira Durangaldera ume sahararrak. Rio de Oro eta Hamadako Izarrak elkarteek koordinatuta egingo dute egonaldia eskualdean: Izurtzako aterpetxean bederatzi umek igaroko dute uda, eta eskualdeko hainbat familien etxeetan beste zortzik. Horiek Rio de Oro elkartearen bitartez heldu dira. Hamadako Izarrak elkartearen bitartez iritsitako ume sahararrek Olazarko aterpetxean egingo dute egonaldia, Zaldibarren. Bi elkarteekin lankidetza-hitzarmena du Durangoko Udalak.
Mireia Elkoroiribe alkateak ongietorri beroa egin die gaur goizean Durangoko udaletxean egin duten harrera ekitaldian, eta egonaldi onuragarria izatea opa izan die umeei. Mujtar Leboihi Emboiric Frente Polisarioko ordezkariak ere parte hartu du ekitaldian, eta Oporrak Bakean programa bere belaunaldiagaz hasi zela gogoratu du: "Hunkigarria da niretzat hemen egotea. Oso gogoan dut zenbateko poza eta zoriontasuna ematen zigun uda beste familia batzuekin pasatzeko genuen aukera". Frente Polisarioko ordezkariak eskerrak eman dizkie ume sahararrak etxean hartzen dituzten familiei: "Ume guzti hauen gurasoen eskerrik zintzoena helarazi gura dizuet", nabarmendu du.
Oporrak Bakean egitasmoaren berezitasuna azpimarratu du Mujtar Leboihi Emboiric-ek. "Egitasmo eredugarria da benetan. Umeak gatazka egoera batetik ateratzen ditu, udan munduko lekurik onenean egonaldia egin dezaten. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) egin ezin duena egiten dute Durangaldeko familiek". Ume sahararrek uda bakean igari ahal izan dezaten, Durangoko Udalak Oporrak Bakean programari emandako laguntza ere eskertu du.
Rio de Oro eta Hamadako Izarrak elkarteek egindako lana ere aitortu eta eskertu du Frente Polisarioak Euskadin duen ordezkariak. "Eskerrik asko duzuen pazientziagatik eta emandako maitasun guztiagatik".
Uda, baldintza egokietan
Ekainaren bukaeran heldu ziren ume sahararrak Durangaldera.Udako oporraldiak baldintza egokiagoetan igarotzeko aukera dute hemen. Arreta medikoa, elikadura orekatua eta aisialdiko zein kulturako hainbat jarduera eskaintzen zaizkie. "Izurtzako aterpetxean dauden umeak ezinhobeto egokitu dira aurten. Eta, familietan ere oso ondo egokitzen dira, lehenengo bizpahiru egunetan deskantsua hartu ondoren", azaldu du Rio de Oro ekarteko Mikel del Arcok. Hamadako Izarrak elkarteko Izaro Etxebarriak onartu du urte berezia izaten ari dela hau. Izan ere, umeen azken urtea izango da hau: "Sentimenduak puri-purian izango ditugu, eurak badakite Durangaldera datozen azkenengo urtea dela, eta askok ez dute aukerarik errefuxiatuen kanpamentuetatik irtetzeko beste aukerarik. Egoera latza da".
50 urte dirauen gatazkari irtenbidea eman bitartean, lanean jarraituko dutela azaldu dute Del Arcok eta Etxebarriak. "Nahiago genuke ume hauek uda euren itsaso alboan pasatzea, Mendebaldeko Saharan. Hori errelitatea bihurtu artean hemen egongo gara, gatazkaren erantzuleek pauso bat aurrera eman dezaten aldarrikatuz", nabarmendu Del Arcok. Etxebarriak ere gatazkari irtenbidea eman diezaioten aldarrikatzen jarraituko dutela adierazi du.