"Gure erronka nagusietariko bat harrobiko talentua Durango Rugby Taldean geratzea da"

Joseba Derteano 2026ko uztailaren 3a

Jokalari lehenengo, entrenatzaile gero, eta presidente orain, Zabalak 20 urtetik gora daramatza klubean.

Hile honetan urtebete beteko da Durango Rugby Taldeko zuzendaritza berriak klubaren gidaritza hartu zuenetik. Zorion Zabala buru duen taldeak hainbat helburu ipini zuen mahai gainean. Lehenengo urteko balantzea egin eta aurrera begirako erronkak azaldu ditu.

Urtebete honen zer balorazio egiten duzu?
Balantzea positiboa da. Zuzendaritzan sartzea esperientzia berria izan zen guretzat, nahiz eta zuzendaritzako kide batzuek aurreko urteetan ere lagundu izan duten klubaren kudeaketan. Hasieran, denbora apur bat behar izan genuen egokitzeko, apur bat urduri ere bageunden, baina lanean hasi ahala esperientzia hartu dugu, lasaitasuna ere bai, eta esango nuke gauzak norabide onean doazela. Denboraldia amaituta eta bazkideen batzarrean balantzea egin ondoren, oso egokitzat jo dugu urtea, batez ere kontuan hartuta gure lehenengoa dela.

Klubari "beste bultzada bat" eman gura zenioten. Zertan nabaritzen da bultzada hori?
Zuzendaritzan gaudenetariko asko klubeko parte izan gara urteetan, dela entrenatzaile, dela jokalari, dela beste jardueraren batean. Alde batetik, jende baten partetik desanimo moduko bat arnasten zela sentitzen genuen eta egoera horri buelta ematea da gure helburua. Eta, orain arte behintzat, jendearen partetik jaso dugun feedbacka oso ona izan da. Hainbatek esan digute eskertzen dutela egiten gabiltzan lana; beraz, alde horretatik pozik gaude eta gauzak ondo egiten gabiltzan seinale da. 

Hainbat lan ildo jarri zenuten. Zeinetan sentitzen duzu eman duzuela aurrerapausorik handiena?

Aurrerapausorik handiena arlo ekonomikoan eman dugula esango nuke. Alderdi ekonomikoagaz bagenuen kezka bat, ustea geneukalako klubak zor txikiren bat izan zezakeela. Ez genekien zer aurkituko genuen, eta, beraz, hasieran egoera ekonomikoa aztertzen zentratu ginen ehuneko ehunean.

Eta zelako egoera aurkitu zenuten?
Tira, ez zen egoera larri-larri bat. Kontuan hartu behar da pandemiaren sasoian DRTren taberna itxita egon zela eta hor diru iturri bat etenda egon zela. Obra batzuk ere egin ziren eta denboran zehar zor batzuk pilatzen joan ziren; jakina, ezin zara honi edo hari gauzak eskatzera joan, zorretan bazaude. Orduan, beste ezeren aurretik zor txiki horiek ordaintzen eta egoera ekonomikoa saneatzen aritu gara; baita kluberako babesle berriak bilatzen ere, urte batzuetan babesle kopuru berdintsuagaz geunden eta. Klubagaz edo klubeko jendeagaz erlazioa duen herriko hainbat enpresa txiki batu zaigu eta oso pozik eta esker oneko gaude. Behin alderdi hori landuta, hurrengo urteetara begira kirol plana egituratu dugu. 

Hurrengo urteetarako kirol plana aipatu duzu. Zeintzuk dira plan horren ardatzak?
Gure helburua da klubak ahalik eta mailarik handienean lehiatzea. Badakigu ez dela erraza, inguruan klub indartsuak ditugulako; Bilbo, Getxo eta Gernika, besteak beste. Guk harrobian prestatzen ditugun jokalaririk onenek sarritan haien eskaintzak jasotzen dituzte eta joan egiten dira. Eta ulertzen dut. Jokalariak lehiakorrak dira eta ahalik eta mailarik handienean jokatu gura dute. Beti esaten da jokalari bakar batek ez duela partidurik irabazten, eta egia da, taldea da inportanteena, baina jokalariek ere diferentziak markatzen dituzte. Esaterako, hor dugu Antxon Iriondo. Bost urte eman ditu Ordizian. Sekulako kalitatea duen jokalaria da eta aurten, printzipioz, Durangora bueltatuko da. Unax Carballo eta Jon Gerrikabeitia dira beste adibide bi. Gazte mailan Gernika Rugby Taldera joan ziren. Unax 20 urtez azpiko munduko txapelketa jokatzen dabil orain. Emakumeetan beste hainbeste gertatzen da. Getxora joandako Naroa Azpitarte eta Ane Diez dira adibide bi. Beste izen batzuk ere badaude. Denek sekulako maila dute.

Beraz, lehenengo pausoa kirol proiektu sendo bat eraikitzea da, harrobiko talentua DRTn geratzeko edo etorkizunean bueltatzeko motibazioa izan dezan. Senior taldeak oso gazteak dira, bai emakumezkoena bai gizonezkoena, eta uste dugu datozen urteetan esperientzia izan ahala hazteko tartea dutela. Ez dugu derrigorrez mailaz igotzea helburu, baina bai taldearen maila hobetzea, eta, horren ondorioz, harrobiko talentua etxean mantentzea. Hori lortuz gero, klubaren kirol egitura ere askoz egonkorragoa izango da.

Eta zelan lortzen da talentua etxean geratzea?
Badakigu ezin ditugula jokalariak diruagaz konbentzitu; hori ez litzateke bideragarria guretzat. Horregaitik, kirol proiektu sendo bat eskaini behar dugu, baina baita herri proiektu bat ere. Durangon zure lagunekin, betidanik ezagutzen duzun jendeagaz eta talde giro onean lehiatzeko aukera duzu. Errugbia ez da zelaira mugatzen: badu osagai sozial oso indartsua. Partidua amaitu ondoren herrian ibiltzen zarenean jendeak emaitzagaitik galdetzen dizu, zoriondu egiten zaitu eta klubaren parte sentitzen zara. Herri bateko taldean jokatzeak lotura berezi hori ematen du, eta horixe da gure indarguneetariko bat.

Elorrio Rugby Taldeak denboraldi bikaina egin du. Zelan ikusten duzu haien lana? Eta gaur egun zelakoa da klub bien arteko hartu-emana?
Goi mailako denboraldia egin dute. Urteak daramatzate Euskadiko txapelketetan goian lehiatzen, eta aurten gizonezkoek zein emakumezkoek titulua irabazi dute. Gaur egun hartu-eman ona dugu eta elkarlanerako prest gaude. Hartu-emanetan gabiltza, harrobiko talde batzuetan batera aritzeko aukerak aztertzen.

Arlo pertsonalean, zelan bizi izan duzu lehenengo urte hau DRTko presidente karguan?
Presidentea neu naizen arren, hasieratik argi izan dugu talde legez lan egingo genuela, ardurak banatuta. Alde horretatik, lantalde arduratsua dugu. Badaude egun gogorrak, jakina, baina 20 urtean klubak eman didan guztia zelanbait bueltan emateko modu bat da hau niretzat. Nire nahia da etorkizuneko jokalariek nik bizi izan dudan guztia bizitzeko aukera izatea.


Zorion Zabala Arripausuetako errugbi zelaian. DRT

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!