30 herrialde baino gehiagotan egin dituzu magia emanaldiak. Truko batzuek hobeto funtzionatzen dute herrialde batzuetan beste batzuetan baino? Zelan topatzen duzu konplizitatea ikusleagaz?
Emozioak berdinak dira munduko herrialde guztietan. Poza, tristezia, amorrua eta beldurra, esaterako, berdinak dira, baina erreakzionatzeko modua desberdina da, kultura kontuengaitik. Hemen gauza batzuek harritu egiten gaituzte, eta Estatu Batuetan beste modu batera errakzionatzen dute, adibidez.
Horrek bere eragina izango du sortzerakoan.
Bai. Hain zuzen ere, erronka bat da, ez dakizulako ikusleek zelan erantzungo duten. Orain, adibidez, Frantzian egon gara eta ikusleek errespetu osoz jokatu dute, isil-isilik egon dira; aurrekoan, ostera, Errumanian, publikoak oso modu desberdinean erreakzionatu zuen.
Durangaldera zatoz orain. Zelakoa da euskal publikoa?
Iaz Leioako Umore Azokan egon nintzen Gota aurkezten, eta publikoa itzela da. Euskal Herritik hainbat bider igaro zen bira iaz, eta horietariko batean, bero bolada handi batean, elizetan egin behar izan genituen emanaldiak; elizak babesleku klimatiko izan ziren guretzat (barrez). Euskal publikoa oso atsegina da.
'Gota' prestatzeko, Montrealera bidaiatu zenuen. Zenbat lan du horrelako ikuskizun bat prestatzeak?
Urte bi behar izan ditut dena prestatzeko. Lehenengo, Kanadara joan nintzen, Montrealera. Ondoren, dantzari bategaz lanean egon nintzen. Leandre Riberak zuzendu du ikuskizuna; bera klowna da eta beragaz hainbat hilabete eman dut alderdi hori lantzen. Denbora horretan hainbat egonaldi ere egin dut ikuskizuna prestatzeko. Ondoren, entsegu horiek publikoagaz ere egin ditugu, ingurukoekin zein sektoreko profesionalekin, ikuskizuna balekoa dela ikusi arte. Urte bi joan dira horretan.
Aktualitateko gai bat jorratu duzue 'Gota'-n: lehortea.
Bai. Ezinbestekoa zen gai hau jorratzea. Estatu osoko arazoa da, baina Katalunian oso larria da. Urtegiak hustu egin ziren, iturriak zabaldu, eta ia urik barik geratu ginen. Horregaitik, horri buruz berba egitea erabaki genuen. Hortaz, hori zelan kontatu pentsatzea izan zen hurrengo pausoa. Ia urtebeteren ondoren, zuzendariak kubo edo ontzi bat erabiltzea proposatu zuen, eta hortik sortu genuen unibertso osoa. Gotaren unibertsoan ez dago urik, zeruan ez dago lainorik eta ontziagaz ura lortzen ahalegindu behar dugu. Prozesu luzea izan da, baina oso dibertigarria aldi berean.
Max eta Feten sariak jaso dituzue.
Bai. Sekulako ilusioa egin didate, aurretik inoiz ez dudalako jaso saririk hemen. Feten saria jasota, sorginkeria apurtzea lortu nuen. Eta handik hile batzuetara Max saria jaso nuen. Saririk garrantzitsuenetariko bat da eta esango nuke lehenengo aldia dela magia egiten duen norbaitek irabazten duena. Beraz, ilusio handia egin dit herrialde osoaren aurrean gure lantaldearen lana aitortzea.
Hamabost urtegaz hasi zinen magiaren munduan. Orduko ilusioari eusten diozu?
Horrek goizero ohetik irteten laguntzen dit. Beste modu batean ikusten dut magia orain, baina magia maitatzen jarraitzen dut eta hasierako ilusioari eusten diot. Magiaren munduko kideren bat ikusten dudanean, zelan egin duen pentsatzen dut.
Gaur egungo munduan badago lekurik magiarentzat?
Baietz uste dut. Kontsumitzeko modua asko aldatu da; batez ere, denok dugulako mugikorra. Benetakoak ez diren gauzak erakusten dizkigute, eta benetakoa dena eta ez dena berezi ezinik ibiltzen gara. Geroago eta gatxagoa da publikoa harritzea, baina, esan dudan moduan, emozioak beti egongo dira hor. Pantailen bitartez gatxagoa da, baina magia zuzenean bizi behar da, kultura eta arte eszenikoak zuzenean bizi behar dira, hortxe azaltzen direlako benetako emozioak.