"Madrilgo jende askoren iruditegi sozialean ez dago hiztun elebidunik"

Anboto 2026ko uztailaren 3a

Miren Otxotorena, soziolinguistikan doktorea eta Equiling ikerketa-proiektuko ikertzailea.

Miren Otxotorena Arangurenek (Durango, 1998) soziolinguistikan doktorego tesia egin du. Cum laude kalifikazioa eta nazioarteko doktorego aipamena lortu ditu. Tesia Equiling ikerketa-proiektuaren barruan garatu du. Bertan, Madrilgo unibertsitate publikoetara joandako euskal, katalan eta galiziar hiztunen bizipenak aztertu ditu, soziolinguistika kritikoaren ikuspegitik. Hizkuntzaren inguruko botere-harremanak eta eguneroko praktiketan erreproduzitzen diren desorekak izan ditu ikergai.

Zertan datza zure tesia eta zer da Equiling proiektua?
Proiektu koordinatu bat izan da, hainbat azpiproiektu izan duena: bana Euskal Herrian, Katalunian, Galizian eta Madrilen. Ni Madrileko taldean egon naiz, ikasketak eta doktoretza Madrilgo unibertsitate autonomoan egin nituen eta. Proiektuan hiztunengan ipini dugu fokua, ez hizkuntzan. Hizkuntzaren bitartez sortu, ezarri, erreproduzitu eta mantentzen diren botere harremanak aztertu ditugu. Proiektua soziolinguistika kritikoaren ikuspegitik garatu da. Prozesu linguistikoak prozesu ekonomiko, politiko, sozial eta historikoekin uztartuta garatu ditugu. 

Kokapen geografikoak garrantzi handia du. Madril sinbolikoki estatu zentralizatu baten hiriburua da. Bertan dauden hizkuntza ideologiak eta hizkuntzaren inguruko ezagutza estatu mailan hegemonikoak dira. Euskaldun bat, katalan bat edo extremadurar bat Madrilera doanean hango hizkuntza ideologia hegemonikoagaz talka egiten du. Eta orduan negoziazio prozesu bat sortzen da, ideologia hegemoniko eta ez-hegemonikoen artean. 

Nortzuekin batu zarete ikerketa egiteko?
Ikerketa unibertsitateetan zentratu da. Hiztun profil anitza izan du ikergai, espazio formalak nahiz ez formalak hartu dituelako. Marko teorikoa-politiko berdinaren aterkipean, datu bilketarako prozesuak diferenteak izan dira. Esaterako, soziolinguistika ikasten zebiltzan ikasleekin botere harremanen, ideologia elebakarraren eta ideologia monodialektalaren inguruko lanketak egin ditugu, besteak beste. 

Zer ondorio nagusi atera duzu ikerketatik eta zein izan da gehien harritu zaituen aurkikuntza?
Hainbat ondorio nabarmendu daiteke. Alde batetik, boterea ez da goitik behera datorren zeozer, hartu-emanetan garatzen den zeozer baino, norabide askotakoa. Hau da, boterea ez dator bakarrik estatutik eta estatuak ezartzen dituen hizkuntza politiketatik. Eguneroko mikropraktiketan garatzen den zeozer da, baina askotan ez da ikusten. Hori argituta, ondorio nagusi bat hau da: egunerokotasuneko elkarreraginean, egitura mikro horretan, egitura sozial makroa etengabe islatzen eta erreproduzitzen da. Demagun euskal hiztun aktibo baten eta madrildar baten artean elkarreragin puntual hori izaten dela;

ideologia hegemonikotik ari denak sarbide handiagoa du espazioa bere modura antolatzeko, botere handiagoa du bere mundu ikuspegia ezartzeko.  

Gero, soziolinguistika kritikoaren ikuspetik, prozesu linguistikoak beste prozesu batzuekin uztartu ditugu, eta nire tesian oso ageri geratzen zen nazionalismoek eta neoliberasmoak prozesu linguistikoetan duten garrantzia. Biak etengabe agertzen dira, eta beti batera. Beraz, ez dira prozesu independenteak, denbora osoan elkar elikatzen dabiltzanak baino. Hemen ondorio bat azaleratzen da: prozesu biak hizkuntza gutxituko hiztunen kontra doaz etengabe. Beste modu batean esanda, hizkuntza gutxitua galtzen irteten da gurutzaketa politiko-ekonomiko horretatik. Beraz, euskararen ikuspuntutik eta Madrilen bagaude, euskarak ez du balio espainiar proiektu politikorako, ezta merkatu linguistikorako ere. 

Beraz, hiztun elebiduna ikusezin bihurtu daiteke.
Badago hiztun elebidun batzuen aldeko aitortza bat, baina beti ere biak hizkuntza hegemonikoak badira: gaztelania eta ingelesa, gaztelania eta japoniera… Hizkuntza ingelesa barik euskara bada, anekdota legez hartzen da. Madrilen, sarritan, egunerokoan ez da igartzen Euskal Herritik, Kataluniatik, Valentziatik edo Balear Uharteetatik joandako hiztun elebidunak daudela. Jendearen ezagutza maila baxua da oro har, eta horrek harritu egin nau. Honako hau ere kontuan hartu behar da: Euskal Herrian unibertsitatera doazenek badakite zer den hizkuntza gutxitu bat edo egoera diglosiko bat. Madrilen, ostera, ez dakite. Batxilergoan soziolinguistika ikastea ez da hango hezkuntza sistemaren parte. Orduan, Madrilgo jende askoren iruditegi sozialaren barruan ez dago hiztun elebidunik. Ez da jabetzen pertsona batek bere egunerokotasunean gaztelania ez den beste hizkuntza bat erabili dezakeela naturaltasunez. Madrildar baten aurrean euskara edo katalana erabiltzea oso praktika markatua bihurtu daiteke. 

Adibide praktiko batzuk ipini ditzakezu diozuna hobeto ulertzeko?
Begira, Madrilen egindako elkarrizketetan galdera hau egin izan didate inoiz: "Posible da eskolan dena euskaraz ikastea?". Beste adibide bat: katalan guztiei galdetzen diete ea independentistak diren. Euskaldunek ere esan izan didate. Hau da, iritzi politiko bat ematera behartuta gaude. Batzuetan, euskaldunen batek edo katalanen batek bere iritzia eman gura izango du gai horren inguruan, baina beste batzuetan gurago luke egoera hori bizi ez. Kontua da beste batzuei exijitzen ez zaien egoera bat dela. Normalean, madrildar batek ez du zertan iritzirik eman Espainiako historiako errege bati edo beste bati buruz. Ez dago behartuta. Ez dut generalizatu gura, baina gertatzen da. 

Beste adibide bat. Madrilen bizi zen Mallorcako bati galdetu nion: "Jendeak badaki elebiduna zarena?". Honakoa erantzun zidan: "Etxera ea trenez joaten naizen galdetu izan didate. Beraz, zelan jakingo dute mallorkeraz egiten dugula Mallorcan?". Hau da, pertsona hark ez zekien itsasoa zeharkatu behar dela Mallorcara joateko. Galiziar hiztunek esan didate Madrilen 'paletos' deitzen zietela galiziera erabiltzen zutenean. Jokabide hori historikoki eraikitako iruditegi sozialaren ondorioa da. Hizkuntzak pertsona horrengan aktibatzen duen iruditegi soziala oso lotuta dago, kasu honetan, Espainiar estatuaren historiagaz. Landa eremua 'paleto' eta antzerako terminoekin lotzea oso presente dago oraindino. 

Espainiako historian noraino egin beharko genuke atzera iruditegi sozial horren sorburua aurkitzeko?
Jende askok frankismora jotzen du gaur egungo testuinguru soziolinguistikoa ulertzeko. Baina begirada atzerago ipini beharra dago. Errekonkistan bertan erreparatu daiteke hizkuntzaren bidezko homogeneizazio proiektu baten hasiera. Ondoren, Espainiako Inperioaren hedapenak eta gainbeherak, kolonialismoak eta ondoren etorri ziren gatazka sozial eta politikoek ere laguntzen dute gaur egungoa ulertzen. Dena oso lotuta dago. 

Esan duzu historia oso presente dagoela. Zelan islatzen da hori gaur egungo hizkuntza-praktiketan?
Historia etengabe dago presente. Hizkuntza-ideologietan, iruditegi sozialean, hizkuntza-politiketan... Batzuetan ez da arau idatzirik egoten, baina badira arau sozialak. Inork ez dizu esaten Madrilgo unibertsitateko ikasgela batean gaztelania estandarrean berba egin behar duzunik, baina Durangon egiten duzun moduan berba eginez gero, baliteke azentuagaz edo berba egiteko moduagaz zerikusia duten gauzak entzutea. Hor ikusten da hizkuntza-politika ez dela bakarrik goitik datorren arau edo dokumentu bat; egunerokoan guk geuk ere etengabe erreproduzitzen dugun zeozer da.

Equilingen ere argi ikusi dugu badagoela etengabeko zaintza linguistiko bat. Hiztunak une oro dabiltza hautematen zer den normala testuinguru bakoitzean, eta horren arabera moldatzen dituzte hizkuntza-praktikak. Etengabeko negoziazioa da: zelan berba egin, noiz aldatu hizkuntza edo erregistroa, zer espero duten besteek... Horrek guztiak gure jokabidea baldintzatzen du.

Zer irakasten digu horrek euskaldunon egoerari buruz? Zer egin daiteke hizkuntza gutxituetako hiztunak aitortuago sentitu daitezen?
Pedagogia handia egin behar dela esango nuke. Azken finean, denok ditugu hizkuntzagaz loturiko bizipenak. Horregaitik, beharrezkoak dira jendea elkartuko duten espazioak, elkarri entzuteko balio duten espazioak. Azken batean, parte hartzea da gakoa. Nire ikerketako parte-hartzaile askok kontatu didate unibertsitateko klaseetan isilik geratzen direla, ez direlako eroso sentitzen gaztelania estandarrean berba egiten. Horrek erakusten du desberdintasunak ez direla abstraktuak: eguneroko egoera zehatzetan agertzen dira. Nor geratzen den isilik, nork hartzen duen berba eta zergatik, hortxe dago benetako desberdintasuna.


Otxotorena defentsa tribunalagaz, tesi zuzendariagaz eta ikerlari nagusiagaz.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!