Indarkeria matxistari loturiko 17 kasu Durangon, lehen hiruhilekoan

E.H. 2026ko uztailaren 2a

Andragunea. DURANGOKO UDALA

Erakundeen arteko protokoloan eta Andraguneko Indarkeria Matxistaren Unitatean erregistratu dituzte kasuok.

Durangoko Udalak herrian artaturiko indarkeria matxista kasuen berri eman du. Urteko lehenengo hiruhileko datuak dira, urtarriletik martxora bitartean jasotakoak, eta erakundeen arteko protokoloan eta Andragunean, Indarkeria Matxistaren Unitatean, erregistratutakoak. Datu horien arabera, indarkeria matxistagaz lotutako 17 kasu identifikatu dituzte Durangon. Euretatik 13 erakundeen arteko protokoloan salatu dituzte (genero indarkeriagaz lotutako 8 kasu eta familia barruko indarkeriari loturiko 5). Indarkeria Matxista Unitatean, berriz, 6 espediente zabaldu dituzte (genero indarkeriazko 4, eta familia buarruko indarkeriazko eta sexu jazarpeneko bana). 19 espidiente zabaldu dituzte horrenbestez, baina kasu bi bai erakundeen arteko protokoloan bai Indarkeria Matxistaren Unitatean salatu direnez, 17 dira identifikatutako kasuak.  

Jesica Ruiz Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "kasu bakoitzak oraindik ere presente dagoen errealitate bat islatzen du". Hori dela eta, udalak "arreta hurbila eta eraginkorra indartzen" jarraituko duela iragarri du, "emakume bakar bat ere ez dadin bakarrik sentitu".

Beldur Barik

Indarkeria matxista prebenitzeko bide modura, Durangoko Udalak bat egin du Emakundek, EUDELek eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek bultzatutako Beldur Barik, gau eta egun kanpainagaz. Egitasmoak jai seguruak, libreak eta errespetuzkoak sustatzeko egingo du lan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!