Joan zen asteburuan Salbamenduko eta Sokorrismoko Espainiako Txapelketa jokatu zen Loredon (Kantabria) eta Gonzalo Diaz durangarrak urrezko hiru domina irabazi zituen 45-49 urte arteko kategorian. Igeriketa-surf, taula eta ocean modalitateetan nagusitu zen.
Tabira Igeriketa eta Salbamendu Taldeko kideak azaldu duenez, emaitzak aurten egindako prestaketaren fruitua dira. "Iaz baino dezente gehiago entrenatu dut", adierazi du. Bereziki pozik agertu da ocean proban lortutako emaitzagaz; izan ere, modalitate horretako surf-skia izan da beti bere "puntu ahulenetako bat". Iaz eski berriarekin lehiatu zen, eta "egokitzeko zailtasunak" izan zituen; aurten, "erosoago" aritu dela nabarmendu du.
Eguraldiak ere eragina izan zuen probetan. Lehiakideek olatu gehiago espero zituzten, baina itsasoa bare egon zen. Horrek proben ezaugarriak aldatu zituen, arraun eta igeri gehiago egin behar izan baitzuten. Diazek aitortu duenez, berari olatuak dituen hondartzak hobeto egokitzen zaizkio, normalean Lagan eta olatuak egoten diren antzerako hondartzetan entrenatzen duelako.
Apiril amaieran, Valladoliden lehiatutako igerilekuko Espainiako txapelketan beste domina bi ere irabazi zituen Diazek, eta modalitate bietako markak hobetu zituen.

Gonzalo Diaz irabazitako hiru dominak jantzita. (Argazkia: Tabira igeriketa taldea)