Frontoia berritu eta aterpe berri bat atonduko dute Durangoko Institutuan

E.H. 2026ko uztailaren 1a

Proiektua Hezkuntza Sailak idatzi du, eta obrak 1,25 milioi euroko aurrekontuagaz egingo dituzte. Lanak urte amaieran hasi gura dituzte. 

Durangoko Institutuko frontoiak eta inguruak itxura berria izango dute laster. Goitik behera aldatuko dute frontoiko teilatua, eta kendu egingo dituzte barruko harmailak. Era berean, kantxa handituko dute, eta aldapa berriak ipiniko dituzte lurra berdintzeko. Batxilergoko eraikinarekin lotzeko aterpe berri bat ere eraikiko dute. Obrak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egingo ditu, aurreikuspenen arabera, urteko azken hiruhilekoan hasita. 1,25 milioi euroko aurrekontua onartu dute horretarako. 

Obrek datorren ikasturte hasierarekin bat egingo dutela eta, Durangoko Udaleko, Institutuko eta Hezkuntza Saileko ordezkariak egutegia adosteko batu dira, ikasleengan ahalik eta gutxien zelan eragin pentsatzeko.  Gainera, frontoia eskola orduetatik kanpo zabaltzea ere adostu dute alde denek. 

Bestalde, Durangoko udalbatzak interes orokortzat eta udal onurakotzat jo ditu Institutuko lanak. Aitorpen horrek Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergari eragingo dio, hobaria aplikatzea ahalbidetuko du-eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!